Goizalde Landabaso
LARREPETIT

Aztoramendua

2021eko irailaren 7a
00:00
Entzun
Uda liburu bakarrarekin eman dut. Metaketa garaiotan norbaitek esan liezadake ezer gutxi izan dela hori, alper-uda eman dudala. Pasa nezakeen uda dozena bat liburu irakurrita, baina zein da kontua, literatur norgehiagoka batean murgildu ala jalkina utziko dizun zerbait jasotzea? Alegia, kopurua eta kalitatea hizki berarekin hasi arren zeharo ezberdinak direla.

Liburu bakar honek txegoste betean nauka. Aztoratu, artegatu, deserosotu. Zein da liburu baten funtzioa? Pilula urdina ala gorria? Remedios Zafrak bere El entusiasmo (Entusiasmoa) lanean gauza asko esaten ditu. Azpimarraz josia dut liburua. Sorkuntzaren prekaritatean abiatuta gizartearen txikizioa egiten duela esango nuke. Zentzurik zabalenean, jakina. Sistemak bozkarioa, entusiasmoa erabiltzen du lan prekarioei eusteko. Zertaz kexatuko zara maite duzun lana egiten baituzu?, esango dizute, eta zuk musu-truk emango duzu sorkuntza, lana, bizitza. Zentzu handian etxekoandreak ere sar litezke hemen. Zure bizitzako ekarpena da egiten ari zarena, eta ordaina ezin diruz eman, gogobetetzeak emango dizu.

Gure sortzaile gehienek (nik ezagutzen ditudanek, behintzat) bizibidea sorkuntzatik at dute. Hots, sortzaileek bestelako lanak egin behar dituzte bizitza ordaintzeko. Aisialdiari kentzen diote, hortaz, tartea kreazionerako. Bozkarioa, beraz, ezinbestekoa da amaraun zaurgarriegia den sortzaile taldeari eusteko. Ahulak gara. Aisialdiari ostutako tarte horiek gabe, entusiasmo barik, posiblea zatekeen euskarazko sorkuntza? Kultura gauza serioa da, ezinbestekoa; baina, norentzat? Eta utziko bagenu, aisialdian eta ogibidetik at egiten dugun hori utziko bagenu desagertuko litzateke gure kultura? Ez dakit zer erantzun emango duzun, baina hortxe, erantzun horretan, dago entusiasmoa. Maskalegia da sortzaileen existentzia munduan, baina sarerik ez duen hizkuntza-funanbulista garen neurrian, are mendreagoa da gurea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.