Goizalde Landabaso
LARREPETIT

Argiaren ilunpean

2021eko abenduaren 14a
00:00
Entzun
Ohe gaineko lanparak sei bonbilla ditu, eta laugarrenaren erretzearekin ilunegi ez ote dagoen dena pentsatzen geratu naiz bart. Atoan akordura etorri zait Berlin bisitatu nuen lehenengo hartatik dudan gomuta. Berlin oso iluna da gauak hartzen duenean. Ohe gaineko lanpararen ilunpea begiratuta pentsatu nuen Berlin bilakaturik zegoela gela. Egunotan, baina, Berlinetik oso urrun dago Bilbo. Eguberrietarako egun batzuk geratzen direlarik aspaldi isiotu dituzte argiak. Argi keinua egin iezadazu eskatzen zuen Amado Nervo poeta mendebaldeko hirigunetik pasatuko balitz noraezean legoke, keinu lar aurkituko lituzke. Agian nire irudipena da baina esango nuke aurton Bilboko kaleetako argietan eskua joan zaiela. Demasekoa dela, alegia. Udaletxe aurrekoa AEBetako aberats berrien reality show-etan agertzen den zantarkeria ikusi nuen lehengoan. Eta ez ezazu pentsatu argiak gustatzen ez zaizkidanik, baina gauza bat da argi zenbait, eta bestea, eguzkitarako betaurreko bako ekaineko egun eguzkitsua gaueko zazpietan.

Atzo goizean Glasgow efektuak jota kezkatuta geunden krisi klimatikoaren eraginez, arduratsuak izateko eskaria egiten ziguten; eta gaur, arrangura oro blowing in the wind daude. Lagun artean normala dela esan didate, gorriak pasatu eta argia behar dugula. Kontsolamendua behar dugu eta argi gehiegikeriak laztanduko digu arima galdua. Hori gure arima aurkitzen badugu ke bihurtzen ari garen mundu honetan. Ingalaterrako York-eko Unibertsitatean egin zuten ikerketaren arabera Eguberrietako argiekin urte oso bateko karbono dioxidoaren %5,5 isurtzen dugu. Hau duela pare bat urte egindakoa da, pandemiaren susmorik ez genuenean, hots, arima-minik sentitzen ez genuenean. Ez diet ezer esan lagunei, kritikoegia naizela aurpegiratuko didatelako, beti zerik ateratzen dudala. Nik, betiko moduan, zalantza dut: ohe gaineko seiak jarri behar ditut ala laurekin nahiko eta aski izango da?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.