Samara Velte.
LARREPETIT

Konfinatuta

2021eko abenduaren 17a
00:00
Entzun
Pandemia osoan libratu ostean, guri ere gertatu zaigu: haur eskolan kasu positiboak egon direla-eta, konfinatu egin dute gela osoa. Eta, haur txikiek txertorik ez daukatenez, PCRan negatibo eman dutenek ere hamar egun igaro beharko dituzte etxean, tartean gureak.

Nahiago nuke hilabetez egunero dentistarenera joan, urte eta erdiko haur batekin hamar egun etxean sartuta pasatu baino. Ez dakit nola atera ziren iazko konfinamendu luzetik bizirik ume txikiak zituzten familiak, baina norbaitek erreparatu beharko lieke sektore horren alkohol kontsumoari eta dibortzio datuei. Ni, behintzat, jada ez naiz gai kalkulatzeko zenbat aldiz entzun ote ditudan Imanol Urbietaren abestiak Pirritx eta Porrotxen bertsioan, Laranja Mekanikoaren antzeko esperimentu baten barruan nagoela sentitzeraino. «Baina inork ez al du umeengan pentsatu behar?», galdetzen zuten simpsondarrek, baina galdera da: inork ez al du gurasoengan pentsatu behar?

Praktikan, umeak etxean egoteak gurasoak ere konfinatzea esan nahi du: ardura eskatzen digute erakundeetatik, arrisku potentziala diren adingabeak aitona-amona zaurgarriekin ez uzteko. Paradoxikoki, ordea, gu ez gaude konfinatuta; ondorioz, lanera joatera behartuta gaude. Eta gure haurrak ez daudenez gaixorik, ezin dezakegu eskatu haiek zaintzeko egunik. Beste toki batzuetan, konfinatutako seme-alaben zaintzara ere hedatu dute eskubide hori, eta soldataren %90era arteko ordaina jaso dezakete gurasoek, baita etxetik lan egiten dutenek ere. Hemen, ordea, xehetasun horietan pentsatzea ahaztu zitzaion norbaiti, eta orain bakoitzak ahal duen moduan ebazten du arazoa: ahal dutenek, etxetik dagokion baino ordu gutxiago sartuta; baina bada umea tailerrera eraman edo, azkenean, gogoz kontra, beste senideekin utzi duenik ere. Ardura eskatu bai, baina ardura oro banakoaren gain jartzearen ondorioak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.