Ander Perez Argote
LARREPETIT

Beti kontra

2022ko irailaren 30a
00:00
Entzun
Milango gasolindegiko argazkiak ikusi ditut Twitterren, Mussolini bertatik zintzilikatu zutenekoak. Abisu gisara igo ditu sarera hainbatek, Italian faxismoa nola bukatu zen gogorarazteko internauta orori eta, bidenabar —suposatzen dut—, Giorgia Meloniri berari ere. Gordin azaldu da faxismoa Italian, gordin, eta irabazle. Eta, gauzak zer diren, zenbatek pentsatuko ote genuen akaso orain batuko dela behingoz ezkerra, gaur egun ia ikusezina, Europako Alderdi Komunistarik handiena izan zuen herrialdean. Faxismoaren aukera, deitu diezaiogun. Fribolo, baina, erreal.

Bizitzan zein politikan, erreakzionatzeko zergatik itxaroten dugun gauzak beltzen daudenera arte, erantzun dezatela psikoanalista eta politologoek. Baina arrazoiak arrazoi, gertatzen da. Eta hemen ez gaude horretatik salbu. Erreakzio gisakoak, erantzunak dira gure herriak bizi dituen manifestazio jendetsuenak ere. Gogora datorkit sanferminetako talde bortxaketaren ondorengoa, gogora datorkit Altsasuko gazteei babesa adieraztekoa. Edo, gatazkaren unerik goxoenetan, ze latz baina ze goxo bizi ginen akzio-erreakzio dinamikan ere, ze trinko biltzen zen komunitatea. Nahiko nuke nik ere egunotarako UPNren garaian bizi zen dinamika soziala. Kontua da zenbat eskubide urraketa joan behar diren bidean, zenbat zapalketa irensteko prest gauden, trukean espabilatu gaitezen.

Gauzak hala, zenbat eta okerrago orduan eta hobe pentsamenduaren baitan baino ezin dut ulertu azkenaldian batek baino gehiagok UPN Nafarroako Gobernura itzul dadin adierazi didan desira. Bada hor jendearen mobilizazio aukera ia bakarra ikusten duenik. Horretarako balioko ote lukeen ukatzekotan ere ez nago, egia esan. Baina nik, badaezpada, nahiago dut ez probatu.

Hobe genuke zerbaitengatik borrokatu —Anari dixit— beti zerbaiten kontra baino. Behintzat, horri kontra egitea baino gelditzen ez zaigun arte. Italiako antifaxistei bezala. Solidarietá, compagni!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.