Ander Perez Argote
LARREPETIT

Alderantziz

2023ko urtarrilaren 27a
00:00
Entzun
Lurrak nukleo bat zuela justu-justu genekienok orain badakigu moteltzen ari dela. Mugitzen zenik ere ez genekien, alderantzizko bidea hartu duela esan digute orain. Ehunka lurrikara aztertu dituzten zientzialari txinatarrak heldu dira konklusiora, eta ondorioztatu dute nukleoa —5.000 kilometroko sakoneran dagoen burdinazko esfera bero hori— bere mugimendua frenatzen, eta are, kontrako bidea hartzen hasi dela. Lurrazala norantza batean biratzen ari dela, alegia, eta nukleoa bestera. Gimnasiotako zintan aritzen dena bezala, aurrera bera, eta atzera zinta. Ongi ulertu badut.

Lurtarroi aurkikuntzak ez digu bizitzarik aldatuko, baina ez dezagun alferrik galtzen utzi halako metafora ederra. Zeren eta, mundua alderantziz ari bada, imajinatu ditzakegu bankariak udaletxe parean, soldata minimoa aldarrikatzen. Edota enpresari izerdituak, metroa galtzen. Irudikatu ditzakegu poliziak negarrez, eta errege familiako kideak telefonia enpresen deiak pairatzen, astelehenetik ostiralera, siesta orduetan. Mundua alderantziz ari bada, pentsa dezagun apaizetan bekatuak konfesatzen, eta frankistengan pala eskuetan, bide bazterretatik errepublikanoak ateratzen. Lurra kontrara biraka ari bada, lan bulegoetako langileak egongo dira langabezian, eta ilarak, hutsik. Politikariek euskaraz egingo dute diskurtso osoa, «buenos días y gracias por venir» esan eta gero. Alderantzizko munduan, gizonok jakingo genuke noiz isilik gelditu, isilik gelditzen dakigula erakutsi behar izan gabe. Mihiluze-n Nafarroako herriak jakingo lituzkete lehiakideek, Gipuzkoakoekin duda egingo lukete. Erabakigunetan idazleak eta musikariak jarriko lituzkete, eta agintariak entretenimendurako. Soldatak gora eta prezioak behera. Eta basoak hiriari puskak jaten.

Iraultza urrun zegoela bagenekien, lur azpitik 5.000 kilometrora zegoenik ez. Baina beranduegi ez bada, ez dadila urrunegi izan ere. Ez litzateke lehen aldia antzerako distantzietako iraultzetan fijatzen garena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.