nerea loiola pikaza
LARREPETIT

Ezin da begirada kontua izan

2023ko maiatzaren 11
00:00
Entzun
Atsedenaldia irakasle gelan igarotzeko ohitura du, lankideak irakasle bizitzaz kanpo ezagutzeko aukera ederra izaten da. Hala ere, hizketaldiek institutuko kezkak, ezinak eta pozak konpartitzeko ere balio izaten dute sarri. Berak atera du gaurkoan gaia: 14 urteko ikasle bat burumakur ikusten du azkenaldian. Saiatu da harengana gerturatzen, galdetu dio, baina ez du ezer lortu; eta sekulako ezinegona sortzen dio horrek. «Gu ez gara psikologoak», erantzun dio berehala beste irakasle batek. «Ez, baina saiatu gaitezke laguntzen». «Nik ezin dut klaserikgaldu, eduki gehiegi dauzkat emateko eta atzeratuta gabiltza».

Zerk izan behar du lehentasun institutuan: ongizateak ala akademiak? Teoriak dio eta ados gaude ikaslearen ongizate emozional eta soziala dela oinarrizkoa, eta garbi ikusten dugu hori gabe arlo akademikoa ez doala aurrera. Baina ezagutza teorikoa ez da praktikara transferitzen. Hezkuntza Sailetik ikasmailari lotutako exijentzia bat dator, zehazten duena nolako umea atera behar den eskolatik; baina ume hori ideal bat da, denok molde berekoak bagina bezala sortua, eta ez da existitzen. Gazteek institutuan igarotzen duten ordu kopurua ikusirik, ezin da edukiak ikasteko leku soil bat izan; institutua bizitza topagune bat da. Haur eta Lehen Hezkuntzako geroz eta eskola gehiago bezala, institutua komunitate txiki bat izan beharko litzateke; eta komunitateko partaide diren guztien ongizatea bermatu beharko luke.

Etxeratu denean, nerabeen psikologiari buruzko pare bat artikulu bilatu ditu sarean eta erabaki du gaiaren inguruko udarako ikastaro batean emango duela izena. Bere esku dagoena egiteak apur bat lasaitzen duen arren, ez da nahikoa ezinegona baretzeko: Bigarren Hezkuntzako irakasleen formakuntzan nolako pisua ematen zaio psikologiari? Zer dakite irakasleek nerabeen garapenaz eta beharrez? Norberaren begiradaren, sentsibilitatearen eta enpatiaren araberakoa izan daiteke ikasleei ematen zaien arreta?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.