Albistea entzun

LARREPETIT

Korrontxo

Blanca Urgell -

2021eko ekainak 30

Txikitatik entzun ditut Gasteizen, etxean edo kalean, gero euskararekin lotu ditudan hitzak: aranes 'basaranak', carne de biscar 'bizkarrezurrekoa', chichiqui, chiquito 'baso bat ardo', chocholo 'buruarina', chori edo churi 'neskatoei egin ohi zaien motots txikia', cil 'zilborra', cirria 'beherakoa' eta cirriar 'guztiz kakaztu edo zikindu', ciriquiar 'zirikatu', corroncho 'janari-edariek arropan egindako orbana', larri 'erdi-gaixorik, sabelaldean ez ondo', pochola/o '(ume) ederra; (emakume) atsegina', quisquete 'kisketa', purrusalda...

Batzuetan Gerardo López de Guereñuren Voces Alavesas liburuaz (1958) jostatzen naiz horien bila. Bestetan, Arabako herrietan bizirik zirautenen bila: abarras 'zuhaitz adar txiki meheak', achunes 'asunak', choriburu, gorosti eta otaca 'otea' nahiko orokorrak ziren, adibidez. Herriren batean baziren oraino arteche 'ardiak biltzeko harresia', birgari 'ereindakoa galdu ondoko bigarren ereitea', bitarteco 'lursailak banatzen dituen ildoa', bizcazorro 'bizkar-zorroa', gaztantegui, mandaburu 'zapaburua'... Herri-etimologiaz edo bestela aldatuak dira bizcarrazul 'txerriaren bizkarrezurra', ganchori 'gauchoria', gurpila 'egur pila' eta miragustán 'miru-buztana', esaterako.

Ez da denbora-pasa hutsa. Nafarroa eta Araba batzen dituzten hitzek, euskaraz zein erdaraz jasoak, badukete zer esana euskararen historiarako, hala nola alchirria 'altxirria', otaca 'otea' eta zurrapa 'hondarrak'. Hauetakoa dateke nire korrontxo hori, Guereñuren arabera 'zirkulua, biribila' eta corroncha forman 'umeak jolasteko uztaia'. Ez dut euskal hiztegietan idoro: Interneten ikusi dut Nafarroakoa ere badela, bai dantza-izena, bai mahatsa eramateko saskiaren uztaia, bai umeen jostailua, baita mairu-baratzeen izena ere. Zer iruditzen? Lagran, Kontrasta, Lizarra eta Eslaba bederen elkarrekin batzen dituen hitz honek interesik, bai ala ez?

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Irizpidea duzulako. Giroan zabiltzalako.

Zuk badakizulako.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Egin BERRIAlaguna

Irizpidea duzulako. Giroan zabiltzalako.

Zuk badakizulako.

Egin BERRIAlaguna