Ander Perez Argote
LARREPETIT

Historia bat norberarena

2023ko otsailaren 24a
00:00
Entzun
Zerbaitetaz dena zenekiela uste duzu, eta orduan, hara non elkarrizketatzen duten Alberto Barandiaran Euskalerria Irratian, 2003an Euskaldunon Egunkaria-ren Nafarroako erredakzioburu zena, egunkaria itxi zuteneko hogeigarren urteurrenaren harira. Eta hari entzunda jakiten duzu bizi zaren tokitik kilometro eskas batzuetara inprimatu zutela Egunero, Iruñerrian bertan, Uharten Diario de Noticias-ek duen erredakzioan, eta handik banatu zutela Euskal Herri osora, Guardia Zibilak gertutik zelatatutako furgoneta batekin. Eta jakiten duzu goizaldean esnatu zuela Guardia Zibilak Alberto bere etxean, Irrintzi dorreko egoitza ireki zezan, eta patrolean leihatila ondoan esertzea eskatu zuela, beldur zelako «Noaindik behera» eramango ote zuten, eta bi poliziaren artean egin beharko ote zuen bidaia. Eta jakiten duzu gero bera izan zela Uharteko erredakzioan kazeta berriaren inprimaketa gainbegiratzen egon zena, eta mahai baten azpian ezkutatu zela Guardia Zibila han ere azaldu zenean Diario de Noticias-eko arduradunak mehatxatzera. Eta imajinatzen duzu gizon hura, egunerokoan azokan erosketak egiten topatu izan duzuna, edo bezperan ondoko kaleko tabernan agurtu duzuna, mahai baten azpian gordeta, egun berean bigarrenez Guardia Zibilaren beldur.

Eta orduan pentsatzen duzu historia hori zurea ere badela. Esaten dizunean bezala lehen pisuko bizilagunak zu orain bizi zaren etxetik ateratzen zela bera teilatura gaztetan, eta imajinatzen duzunean handik ihes egingo zuela polizia bila joan zitzaionean. Edota ikusten duzunean zure etxeko atariko baldosen artean plaka bat, «Hemen bizi zen Armando Grávalos Armendariz» dioena, eta beherago, «Zizurren eraila. 1936-11-16».

Zerbaitetaz dena zenekiela uste duzu, eta orduan, agertzen da oraindik ez zenekien zerbait, Historia orokorra eta norberarena lotzen dituena, eta orduan sinisten duzu baietz, segi behar dela dena kontatzen, dena kontatua dagoela uste dugunean ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.