Goizalde Landabaso
LARREPETIT

Peggy Guggenheim

2019ko abenduaren 31
00:00
Entzun
Emakume handi asko utzi zituen XX. mendeak, garaiko hezurdurak bortizki apurtu zituztenak, emakumeei ez zegozkien erabakiak hartzeko ausardia izan zutenak, bizitzari tinko eta zorrotz eutsi ziotenak. Maitatuak izan ziren, baina batez ere, gorrotatuak. Burura datozkit: Alma Mahler, Emilie Louise Flöge edota Peggy Guggenheim. Harrigarria egin zait beti beraien gaineko idatzi askori darien misoginia, batzuetan lausotua, besteetan, berriz, zuzena. Gaiztoak izan ziren emakumeok testuotan; suntsitzaileak, eta, gizonezko bikotekiderik izan bazuten, gizon horien zorigaitzaren iturburu. Sexu jardueretan libre (edo) izan baziren, atera kontuak. Egunotan gauza asko irakurriko dituzu beraietako batez, Peggy Guggenheimez; izan ere, duela berrogei urte hil zen Veneziako Vernier di Leoni jauregi ederrean. Aita Titanic-en hondoratu zen, eta hori beti izan zuen zulo. Artista askoren bultzatzaile eta makulu izan zen. Berari esker, esaterako, Jackson Pollock eta André Breton sormenari emanak bizi ahal izan ziren, hilero pasatzen baitzien soldata. 39 urterekin erosi zuen Jean Arp-en eskultura bat, eta hortik gora, eta zenbaitetan Marcel Duchampen aholkuei jarraituz, artelanak erosten joan zen. Kandinski, Miró, Picasso, Giacometti, Max Ernst, Klee, Braque, Magritte, Delaunay... XX. mendeko artista handienen lanak erosi zituen, erosi, gorespenik ez zutenean. Alexander Calderrek egindako ohe batean egiten zuen lo eta bere etxea artista eta intelektualen bilgune izan zen. Veneziako kanaletatik nabigatzen omen zuen bere-berea zen gondolan. Peggy Guggemheinek garaiko sortzaile handienak ezagutu zituen eta bere inguruan lurperatuta dauden bere txakurrak izugarri maite izan zituen. Ilunak eta argiak izan zituen bere bizitzak, jakina, zureak eta nireak dituzten bezala. Ahal dugun eta uzten diguten bezala bizi gara gu ere: ezintasun, gabezia, huts, garaipen eta pozekin. Peggy Guggenheim ere bai.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.