Goizalde Landabaso
LARREPETIT

Geroa

2020ko martxoaren 17a
00:00
Entzun
«Jertse honek 35 urte ditu», dio paperean ikusten ari naizen iragarkiak. Ez dirudi berria, baina iragarkiak argi esaten du, badela. Gezurrik esan ote daiteke publizitatean? Iragarkia arropa-etxe ezagun batena da. Begiratzen zaituen gizon bat ageri da jertse zuri bat soinean. Berria dirudi jertseak, baina ez ei da, lerroburuak horrela esaten baitu. Begirada joan egiten zaizu, zaharra den zerbaiten zantzuak ari zara behatzen. Ez dago, ordea. Beherago dio irauten duen arropa erosi behar dela, modak baino zaharragoa den arropa. «Izan zaitez zaharragoa», diotso irakurleari. Mad Men telesaila kokatuta zegoen publizitate hastapen garaietatik zelako garapena eman duen alor honek, zenbat ikasi duen gure burmuinaren funtzionamenduaz. Informazio gehiago nahi izanez gero euren webgunera joateko dio iragarkiak, eta bertara egin dut jauzi. Hasieran, zinez diotsut, bigarren eskuko arropa saltzeari ekingo ziotela pentsatu dut. Baina bertan agertzen diren soineko, praka edota jakak berri-berriak dira. Saltzeko amarrua bide da. Arropa ona eta luze dirauena egiten duela erakutsi nahi du etxe ezagunak. Iraun. Gizabanakoaren nahi primitiboetako bat da; agian, lehena. Etxean giltzapetuta gaudelarik eustea da eskatzen zaiguna. Eutsi. Itxitasun honetan nire beldur asko piztu dira. Ez soilik (ingurukoen eta neure) gaixotzeko aukerari beldurra; harago doa. Agian giltzapea da, baina gizabanako moduan garena erakutsi liezaguke bizitzen ari garen honek; herri moduan eta gizarte moduan garena. Soziologoak pozez zoratzen egongo dira, mundu osoa laborategi bilakatu baita. Gobernantza moduen funtzionamendu eta eraginkortasuna neur litezke, kolektibo moduan gizabanakoaren erreakzioa. Banako moduan ere bai. Orain osasunaren sasoia da, alegia, osasun alertari eman behar zaiola erantzun irmoa. Baina gero bat ere etorriko da, eta horretan izango garenak arduratzen nau. Baldin bagara, jakina.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.