Goizalde Landabaso
LARREPETIT

Infodemia

2020ko maiatzaren 19a
00:00
Entzun
Sarean aurkitzen ditudan artikulu interesgarriekin karpeta bat egin nuen aspaldi, eta bertara arrantzan joaten naiz maiz. Hala ere, gorde eta gorde, Diogenes teknologikoa dabilkidala sentitzen dut batzuetan. Zenbaitetan, sekula ez ditut berriro irakurtzen batutakoak, baina lehengoan garbiketa egiten ari nintzela 2013an Umberto Ecori egin zioten elkarrizketa batekin egin nuen topo. «Sarean dabilen hainbeste gauza informazio falta baino okerragoa da. Gehiegizko informazioak amnesia eragiten du». Osasun Munduko Erakundeak, OMEk, infodemia esaten dio horri, eta hari aurre egiteko hamaika aholku ematen ditu. Finlandian, berriz, eskolakideei erakusten omen diete zelan irakurri modu kritikoan albisteak. Britania Handiko The Guardian egunkariak zekarren Kari Kivinen irakasle finlandiarrarekin egindako albistea. Duela urte batzuk pentsamendu kritikoa sustatzeko erabakia hartu zutenetik, ikasgai guztietan sartu dute modu batera edo bestera. Joan den mendeko propaganda kanpainak aztertzen dituzte Historian; Lengoaian hizkuntzaren erabileraren arriskuak ikasten dituzte; Artean, argazki bat manipulatzean eman litekeen mezu aldaketa ikasten dute, edota, Matematiketan estatistikarekin pentsamendua bideratzea zein erraza izan litekeen azaltzen diete. Kari Kivinen irakasleak dioenez, kontua ez da zenbat gezur dagoen ikustea, hori erraza baita. Gauza da gezurren, eta, oro har, egitateen aurrean begirada kritikoa garatzea eta albiste bat nahikoa distantziarekin begiratu ahal izatea. Hiritar kritikoak nahi dituzte.

Egunotan gain-informazioaren zama inoiz baino gehiago sentitzen ari naiz. Benetakoak eta gezurretakoak. Maiz, zailak dira bereizten batzuk eta besteak. Gainkarga izugarria daukat. Ez daramat ondo etengabeko jario teknologikoa, eta neure buruari mugak jarri dizkiot. Gain-informazioa daukagu, demasekoa, baina zinez, gehiago dakigu? Ez dut uste.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
BERRIAk ahotsa ematen die gizarte justu baten alde egiten duten mugimenduei. Urriaren 3a baino lehen 100 euroko ekarpena eginez gero, 'Gazako egunerokoa' liburua jasoko duzu opari.