Blanca Urgell
LARREPETIT

Jakintza-hitzak

2020ko azaroaren 25a
00:00
Entzun

Wikipedian gaztelaniazko cultismo sarreratik abiatuta ikasi dut alemanez «liburu-hitza» dela (Buchwort). Arabierazko izena Translatek «zientzalariek bazekiten» itzuli du (?) eta txinerazkoa «hitz klasikoak». Espainolari atxiki zaizkio aragoiera (cultismo), katalana (cultisme) eta euskara (kultismo), baina frantsesez mot savant da, italieraz bezala (voce dotta). Nola erran hiztegiak jakintza-hitza proposatzen du (hitz sabant ere bai), frantsesaren arabera; Elhuyarrek «kultura-hitza» edo «kultismoa», Euskalterm-ek «kultur hitz» eta «hitz jaso». Euskaltzaindiak noiz zer ebatziko?

Jakintza-hitzak hizkuntza klasikoetatik hartzen dira. Mendebalde honetan latinetik edo grezieratik erruz; arabieraren dialekto berriek arabiera klasikotik, eta hindiak sanskritotik. Zuzenean hartzen dira, egokitzapenak egokitzapen, jatorrizko forma gordeta. Adibidez, Egiptoko arabieran [q] ubularra [?] glotal bihurtu da, baina qur'ān 'Korana' hitz jasoan [q] daukate. Frantsesez grezieratikoak letrak bereizten ditu: hybride 'hibridoa', mythe 'mitoa'...

«Bikoteak» ere sortzen dira, bilakaera arrunteko forma eta zuzenean sartutakoa elkarrekin direnean. Espainolez fragua 'sutegia' eta fábrica; frantsesez frêle 'makala' eta frágile 'hauskorra', aragoieraz cadiera 'aldaka' eta catedra 'katedra'. Forma ez ezik, adiera ere ezberdina dute: ondare-hitzak arrunta, jakintza-hitzak jasoa.

Euskaraz ere baditugu apaiz eta abade, erretolika eta erretorika, gauza eta kausa. Alabaina, nafar-lapurterazko tradiziotik ere hartu ditugu jakintza-hitzak, forma gorderik, baina adiera jasoan: ararteko (1545), jatorriz ama birjinari-eta egokitzen zitzaion (Hegoaldean bitarteko zen); begirale (1571) 'zaintzailea' zen oro har, orain 'monitorea'; hatsarre eta hastapen 'hasiera' izatetik bata 'printzipioa' eta bestea 'oinarria' izatera igaro dira. Honelako gehiago ezagutzen?

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.