Blanca Urgell
LARREPETIT

Zezena sendoena

2021eko ekainaren 9a
00:00
Entzun
Semeak eta biok gaur-gaurxe ohartu gara letretako jendeok adaptatiboki pressing catch-ekoek adinako beso bana garatzen dugula, eskuina edo ezkerra, lanbide-gaixotasun zenbaiten iturri. Beste gaixotasun bat hitzak dira: azterketa pentsatu orduko zuzenketa ere agertzen da nire buruko pantaila-argazkian, adibidez. Zuzentzen hilabete eman ondoren, goiz eta arratsalde, larunbat eta igande, déjà-vuak ere baditut: déjà-zuzenduak.

Zuzen joan, zuzen begiratu, zuzen esan eta zuzen ulertu, okerrak zuzendu, zuzen jokatu edo zuzena izan zerbaitetan edo norbaitekin... Honela begiratuta bestelakoa dirudi zuzenen sendiak. Zuzenbidea, etika, geometria... ez dabil gero nolanahiko alorretan! Duhalde lapurtarraren zuzenkontrakeria (1809) miretsi dut pasiera honetan. Perpendikular dugu matematikan, baina lagunarteko hizketan zuzen baliokidea da (Larramendi 1745); bertikalki-ren aurka ez daukat ezer, baina zuzen-behera ikasi dut Markinan (Azkue 1905), eta Duvoisinek (1858) erakusten digu nolatan: «...erro nausi bat, lurrean zuzen beheiti sartzen dena».

Xingoma bainoago hedatu dugu familia: zuzendari eta zuzentzaile 1745ean jaio ziren, eta aurten 60 urte egingo dituzte hala zuzenketa nire kuttunak nola Zaitegiren ukondo zuzenak, laukiaren lehengusuak. Kazetaritzakoak zuzenean eta zuzeneko-z jabetu dira ez-arian, eta guztiok 1852ra arte argia ikusi ez zuen hain zuzen-ez.

Oparoa bezain zaharra dugu zuzen. Aitzineuskararen bigarren labekadakoa, lehenagokosilaba bakarreko erroak elkarrekin ezkontzen ziren garaikoa: *zu(r)-zen. Schuchardtek (1913) atzeman zuen zut-ekiko lotura, eta hortik aise heldu daiteke zur-era, ez baitzatekeen gaia soilik, baizik '(behetik gora hazten den) zer zuzena' ere bai. Bigarrenean gizen eta zezen-eko *zen bera bide dugu, esanahi ilunekoa:baliteke 'sendoa, indartsua, trinkoa' izatea (EHHE). Zezena sendoena, beraz?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.