Albistea entzun

LARREPETIT

Hegazkinean

Samara Velte -

2021eko azaroak 5

Zuetako askori bezalaxe gertatzen zait: oporretara joateak ematen didan gustua alderantziz proportzionala da hegazkin batera igotzeak ematen didanarekiko. Gerrikoaren argitxoa pizten denean, alferrik zaizkit istripuen estatistikak eta ebakuazio planari buruzko komiki-orriak euren salbamendu-jaka irrigarriekin (gutxienez paraxut bat eskainiko baligute, sinesgarritasun apur bat izango lukete). Turbulentzietan, akabo nire fazeta arrazional eta patxadatsua: zeruan dauzkadan arbasoez gogoratzen hasten naiz, eta erortzen banaiz sare bat zabal diezadaten eskatzen diet.

Ez esan zuei ere ez zaizuenik gertatzen. Bestela, nondik datorkigu lur hartze pista zapaldu orduko sakelakoa ateratzeko eta «Iritsi naiz» naufrago-heroiko bat bidaltzeko premia, hegaldi bakoitzean Annapurnatik espartinetan jaitsi izan bagina bezala?

Azkeneko aldian nire eserlekura (25D) lotu nintzenean, baina, ezohiko mezu bat topatu nuen, non eta bizpahiru ilara aurrerago, korridorearen beste aldean (22C) eserita zegoen emakume baten besoaren atzealdean. Ukondoaren gainean, zehazki, hori baita hegazkinean jendeak erakutsi ohi dizun gorputzeko atal bakarra. «FIDATU, KOÑO.» zeukan tatuatuta gaztelaniaz: maiuskulaz, bere komarekin eta bere puntuarekin.

Memento estiloko ohar bat ote zen pentsatu nuen lehenbizi: konfiantzaz (eta, antza denez, pazientziaz) eskas dabilen pertsona batek bere buruari egunero egin nahi dion gogorarazpen bat. Gero konturatu nintzen ezin dugula gure ukondoaren gainean idatzitako ezer irakurri (ikusten zaituztet proba egiten): agian, mezua ez zen bere buruarentzat, gainerakoontzat baizik. Agian, emakumea hegazkinez sarri ibiltzen den norbait da, bere inguruko izutiekin nazka-nazka eginda dagoena, eta atzean eserita goazenontzako mezu inperatiboa behin betiko gainean eramatea erabaki zuena, hegaldirako eta bizitzarako: fidatu, koño. Eta eman bakea, oporretara bidean gaude eta.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...