Ander Perez Argote
LARREPETIT

Seguru

2023ko martxoaren 31
00:00
Entzun
Alde Zaharreko auzokideoi urtaroro bidaltzen diguten aldizkariak Iruñeko Udalerako hautagaien elkarrizketak dakartza ale berrian. Denei galdera berak, estandar samarrak: zergatik aurkeztu diren hauteskundeetara, zeintzuk liratekeen irabaztekotan martxan jarriko lituzketen neurri nagusiak... Halakoak. Eskuin espainolistako bi hautagaiek —ez beste inork— segurtasunaren afera aipatzen dute erantzunetan. Segurtasuna gai nagusi gisa, ia beste denaren gainetik.

Gaitz-erdi eskuinaren mantra bakarrik balitz —zaharrak berri, bide batez—, baina asteon zalaparta handiz kaleratutako EITB Focus inkestan ere azaldu da segurtasunarena herritarren kezka nagusien artean.

Eta berria ez izanagatik, adierazgarria da kezka noiz datorren. Egun batean ohetik altxatu eta hainbat lagun hipoteka igo zaiela konturatzen ari diren garaiotan dator segurtasun eskaria. Pisu bat alokatzeko soldataren erdia xahutu behar izaten den garaiotan. Supermerkatuan erosketa saskia betetzea inoiz baino garestiago suertatzen den aroan. Luzerako lan bat aurkitzeak miraria dirudienean. Fakturak postontzian pilatzen diren sasoian, irekitzearen beldur.

Eta ez pentsa orain segurtasuna lau haizeetara eskatzen dutenek gai horietan segurtasuna edukitzeaz ari direnik. Etxe bat eta lan bat izatearen segurtasunaz ari direnik. Norbere bizitzan seguru sentitzeaz. Edo, eraman nahi duzuen muturrera: norbere buruarekin seguru egoteaz, etorkizunaren mamuaren aurrean seguru egoteaz, indibidualismora kondenatutako gizarte batean lagunez inguratuta eta seguru sentitzeaz.

Ez, ez dira horretaz ari. Kaleak poliziaz eta kameraz (are gehiago) betetzeaz ari dira. Zuk eta nik segurtasuna deitzen ez diogun horri deitzen diote haiek segurtasuna.

Eta ez, tamalez, ez dira beste gauza guztiak aseguratuta dituztenak hori eskatzen dutenak bakarrik. Zu eta ni bezalakoak dira. Bizitzan aurrera egiteko segurtasun gutxi dauzkatenak ere ari dira aldarri horrekin bueltaka. Hori seguru.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.