LARREPETIT
Burmuinak lehertzeko ahalmena
Kapanaga mañariarrak (1656), Larramendik baino ia mende bat lehenago, bere burua zuritu nahi izan zuen maileguak erabiltzeagatik, «euskarak hartu dituenez, ez baitago bestela esaterik, itzulinguru askorekin ez bada» (nik itzulia). Garbizaletasuna, bai, Larramendi baino mende bat lehenago ia. Erdaratik datozen hitzak, denak ere erauzi nahi izan zituzten askok azken foruak galdu izanaren ondorioz. Haserre, beren burua babestu nahirik. Oraindik ere su haren hauskaldarretan bizi gara.
Angel Errok atzo, Jatekoa eskatzeaz izeneko zutabean, ikusarazi zigun hauteskunde aurreko inkesten hizkuntza ahaleratik indikatibora igaro dela, hau da, probabilitateak adieraztetik gertakariak adieraztera. Balitekeena badena bihurtu da.
Aldaketa, nola ez, espainoletik datorke, edo agian azken batean ingelesezko lerroburu hori ospetsuetatik. Edonola ere, ez da erraz aurkituko aditz denborez, aspektuez edota moduez (TAM gure jargoian) hala kezkatu denik (pace Gotzon Garate, beharbada).
Adibidez, zerbait egiten jarraitu aditz perifrasia erdaratik kalkatu dugu duela ez hainbeste, aurreneko adibidea Mogelena (1803) baitateke (OEH). Mogelek berak, beraren aurrekoek, ondokoek eta gerokoek ere bazekiten jarraikortasuna beste era batera adierazten. Guk ere bai, pitin bat pentsatuz gero.
Pentsatu. Pitin bat. Aitak esaten du... eta Aitak esan du lehen adiera ezberdineko perpausak izan ohi ziren, bata burutugabea eta bestea burutua, baina gaur haien arteko marra eta muga desegiten ari da Aitak esaten du modukoen alde. Axularrek ere esaten du eta...
Barka egidazue. Honelako gogoetatan nabilenean, ikasleak dira nire iratzargailua. Axularrek esaten du, bai, baina Lakarrak esan zuen. Zer esango, ezpada Velozet-ek abesten duena: Ez egin negar, Blanca, laister pasatuko zain, / ... Burmuinak lehertzeko ahalmena... (Erantsi hemen gitarraren riff-a, please).
Gaiak
Astekaria
Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.