Euskararen egoera ez zen nahi genuena eta etorkizuna ilun mintzo zen. Kontzientzia linguistikoa diluitzen ari zitzaigun. Aldaketarako giltza eskolek izango balute bezala jokatzen genuen; bertan ezarria genuen erantzukizuna eta itxaropena. Ulertu genuen arte eskolak bakarrik ezin zuela euskararekin, bakarrik ezin zuen bezala hezkidetzarekin. Ulertu genuen hezkuntzan jarritako erronkak herriarenak ere bazirela, eta sortu genuen herrietan hizkuntza proiektu bat; herri amets bat, apustu bat, norabide bat. Ilusio bat eta gogo bat.
Hezkuntza komunitatea ez zen bere kabuz sortu, ez zigun inork oparitu; ekoiztu egin behar izan genuen, eraiki eta ahaldundu. Zailena, hezkuntza hobetzea ardura soziala zela ulertaraztea izan zen, hezkuntza denon beharra eta eginbeharra zela; ikastetxeen mugak gainditu eta, bakoitzaren hizkuntza beharrak baino, herriarenak zehaztuz. Ikuspegia zabaltzea izan zen gakoa, egin genitzakeenak elkarrekin pentsatzea.
Ekosistema koherenteak osatu genituen ikastetxe, udal, euskara elkarte eta aisialdiko elkarteen artean; elkarlana bultzatu eta sendotu zutenak. Diskurtso baikor eta ameslari bat zabaldu zen berriz ere, iraganean euskarak izan zuen amets-dimentsio horri jarraipena emango ziona: etorkizun gizatiarrago baten hizkuntza izango da, gizarte justuago baten hizkuntza, berdintasun mezu, mundu eta herri hobe bat ekarriko dituena. Ezinbestekoa izan zen elkarlana, ezinbestekoa izan zen hezkuntza komunitatea denok osatzen dugula sinistea; elkarren arteko sostenguan aurkitzen direla aterabideak. Ausardiaz eta konplexu gabe aritu ginen. Elkarri konfiantza eginez eta izua gure bihotza bihurdikatzera utzi gabe. Sinetsita mundu hobea egingo genuela, hizkuntzen mundu bat; jakinda ez genuela beste aukerarik, euskarak ez zuela beste aukerarik.
2030. urteko Nereak utzi dit burko azpian kontakizun hau; eta esan dit igandean hasiko dela dena, herriak badakielako honaino ekarri gaituzten politikek ez gaituztela harago eramango.
LARREPETIT
Norekin bai
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu