Albistea entzun

LARREPETIT

Algoritmoa

Goizalde Landabaso -

2021eko ekainak 22

Algoritmoa omen da arazoa. Algoritmoak anabasa maite du, kaosa. Ondo harrapatua du gizakiaren alde ilun eta haragizalea, eta horixe ei da sustatzen duena. Zergaitik? Horrek bazka eta izateko zioa ematen dizkiolako. Bestelakoa izan zitekeen, badakizu, beste mundu hobeagoa eta... tar-tar-tar.

Ez dakit twitterren azken sasoi luzean pasatzen ari dena ote den; algoritmoaren atzaparra. Ez dakit sare sozialetan maskara oro kenduta bakoitza den bezalakoa ageri ote den, libre eta kalibre. Hemen, pantailaren alde honetan, naizena naiz, eta harro nago; baina beste aldean ere banaiz naizena. Jolasa da askorentzat taberna birtuala, eta bertan okatzen direnak hutsaren hurrengotzat dituzte. Alegia, ez dela benetakoa. Niretzat bizitzaren beste alor bat da. Hots, twiterren gertatzen dena twitterren geratzen dela-k ez didala balio. Irainak, mespretxuak, bazterketak, erasoak... horiek denak non gertatzen diren berdin zait. Gertatzen dira. Batean zein bestean errealak dira. Emakumeok pairatzen ditugunak (eta ez badidazu sinesten egin ezazu osteratxoa Irantzu Varelaren txio-kontutik) itzelak dira. Ezer berririk ez, hezur haragizko bizitzako eraso berberak dira eta. Askok pentsatzen du, ordea, ondoriorik gabeko Second Life dela txio-mundua. Haragitan ikusten duzunean horiek barre artean esaten dizute: «Txantxetan zen, neska!». Ezagutzen dut alde egin duen emakumerik, sartu nahi ez duenik, babesgabe sentitzen denik. Barra libre dago mundu birtualean.

Eta hala ere, emakume eta euskaldun bezala egon behar dugula uste dut; txoko itxi eta gero eta misoginoagoa bilakatzen ari bada ere. Algoritmoak ez du giza araurik jarraitzen, piztia bazka-jale izan liteke, baina hor barruan dagoen jendea hezur-haragizkoa da, kaletik mozorroa badarama ere. Ni, hasteko, sekula egin ez dudana egiten hasi naiz: ez erantzun eta blok ematen.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.