LARREPETIT

Piztiak

Goizalde Landabaso -

2019ko otsailak 12
Gure amaren kuadrilla aztoratuta dago. Duela hilabete gutxi gorabehera sexu gehiegikeriekin lotutako albiste batean Espainiako egunkari batek euren «aholkulari izpirituala» (edo) zen gizonaren izen-abizenak zekartzan. Sua gasolina artean bezala zabaldu zen berria emakumerik emakume. Ez da posible, ezin liteke, ondo zeuden eta hau bakarrik behar zuten. Urteetan euren lantuak eta pozak entzundako gizonak piztia larderiatsua zeraman. Gauzak okerrera joan dira, baina. Duela egun batzuk albisteak eztanda egin eta izaera, zelan esan, nazionala hartu du bertoko hedabide publiko zein pribatuek kontatzerakoan. Shock egoeran daude. Hizpide nagusia da, ezbairik gabe. Zaila da imajinatzea zure konfiantza osoa izan duen pertsona gaiztoen saldoan. Gaitza da, oso, jabetzea engainatu zaituztela, traizionatu, laguntzen zintuen hura patari hutsa dela onartzea. Edozeinek egingo lukeen bezala, hamaika arrazoi aurkitu nahi izan dituzte irakurtzen eta entzuten dituztenak oker baten ondorio zirela berresteko. Berriz ere: ez da posible, ezin liteke. Baina errealitatea bere gordinean gailentzen zaigu, sarri. Biktimen kopurua haziz doa eta gure amak eta lagunek kuzkurtuta daukate bihotza. Harremanen haustura zurruna egin dute, beste irtenbiderik ez dute ikusi.

Nik, bitartean, ume izan ziren gizon horiek eta beraien aldats gora bueltaka ditut egunotan. Ziurrenez, askok isilik eta minez egindako gurutze bidea. 1989tik erasoen berri bazutela aitortu dute salestarrek. Bazekitela. Zenbatekoa da beraien erantzukizuna? Eta zer egiten da erantzukizunarekin, astindu eta kitto? Hori da, hori, hurkoari maitasuna. Zekizkiten denak jakinik, gizartean libre utzi zuten predatzaile sexuala. Egin zitzakeen txar guztiak etxetik kanpo egitea, nonbait, ametigarriagoa da. Alegia, fardela beste batek irents dezala eta ez dezala lohitu gure etxe santu eta sakratua. Gure amaren lagun taldeak min du, bihotzean eta fedean.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna