Ainara Muntek irabazi du itzulpenen EtxepareLaboral Kutxa saria

Joseba Sarrionandiaren 'Hilda dago poesia?'-ren katalanerako itzulpenarengatik saritu dute
Ainara Munt —erdian—, atzo, Bilbon eginiko ekitaldian.
Ainara Munt —erdian—, atzo, Bilbon eginiko ekitaldian. MARISOL RAMIREZ / FOKU

Erredakzioa -

2019ko urriak 24
Ainara Munt Ojangurenek (Zaragoza, Espainia, 1975) eskuratu du Etxepare-Laboral Kutxa Itzulpengintza saria, Joseba Sarrionandiaren Hilda dago poesia? poema liburuaren katalanerako itzulpenagatik. És morta la poesía? izenburuarekin kaleratu du liburua PoláLen argitaletxeak. Itzultzaileak eta argitaletxeak 4.000 euroko saria partekatuko dute; horrez gain, 2.000 euro arteko laguntza jasoko dute argitalpena sustatzeko.

Epaimahaiak itzulpenaren kalitatea izan du kontuan, baita argitaletxeak egin duen sustapen lana ere. Itzultzailearen ibilbidea bera eta itzulitako generoaren balioa ere (poesia) aintzat hartu ditu lana baloratzeko orduan. «Itzulpen zaindua eta zehatza izatea, idazleak jatorrizko hizkuntzan bilatutako esanahia katalanez islatzeko jarritako arreta eta jatorrizkoaren musikaltasunari eta efektu adierazkorrari eusteko ahalegina» nabarmendu du. Era berean, argitaletxearen lanari dagokionez, zera azpimarratu du: «Nabarmentzekoak izan dira euskal literatura eta, bereziki, Sarrionandiaren lana kataluniarrei helarazteko urteetan egindako ahalegina».

Ainara Munt Ojangurenek aita katalana eta ama euskalduna ditu, eta Bartzelonan egin ditu bere bizitzako urte gehienak. Kataluniako Itzultzaile eta Interpreteen Erakunde Profesionaleko kide da. Literatura, saiakerak, ikerketak eta erakusketetako eskuorriak itzuli ditu batik bat Muntek, eta itzulpengintza zientifiko-teknikoan eta ikus-entzunezkoan ere badu eskarmentua. Aurretik ere, Joseba Sarrionandiaren lan gehiago itzuli ditu katalanera; hain zuzen ere, Ni ez naiz hemengoa (Jo no soc d'aquí) eta Moroak gara behelaino artean? (Som com moros dins la boira?). Hilda dago poesia? izan da Sarrionandiari egin dion azken itzulpena, eta lan horrekin, besteak beste, Mallorcako Cavall Verd literatura sarietan Rafel Jaume saria irabazi du Muntek, urteko poesia itzulpenik onenarengatik.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna