Goizalde Landabaso
LARREPETIT

Errua

2020ko urriaren 27a
00:00
Entzun
Ume ginela neba-arreba arteko olgatzean barneraturik kataklismoren bat egiten genuenean, eta lantzean behin egiten genituen, gure ama etortzen zen suak harturik. «Norena izan da errua?», galdetzen zuen ozen. Haserrea triskantzaren neurrikoa izaten zen, alegia, plater bat edota edalontzia apurtzeak ez zuela askorik haserretzen, horma bat modu artistikoan marrazteak, nahiko haserretzen zuen, eta sofa barruetan zer zegoen ikusteko labanarekin egindako urradurak izaten zirenean, horietan gure ama eskuak goratuta agertzen zitzaigun, atzeko alde osoari su garrak zerizkion, eta guk batzuetan pentsatzen genuen zuzenean infernura bidaliko gintuztela. «Norena izan da errua?» errepikatzen zigun egile exekutibo eta intelektuala zeintzuk ziren jakin arte. Errua berba hain kristaua izanik, jainko ahalguztidunaren haserrea itxaron lezake fededun batek beldurrez, baina gure amarengan pizten zen haserrearen aldean hori hutsaren hurrengo izan ohi zen.

Errua hitza ez zait gustatzen, iraganeko gomutak datozkit; lehenengo, elizako gizontxo nano eta ilun horiek, eta gero, gureorduko ama zena. Erruak bestearengan botatzen du erantzukizuna norbera garbi uzteraino. Erruak beti bilakatzen zaitu gaizkile eta kriminal. Lehengoan albistegiak ikusten ari nintzela kazetari bat, COVID birusaren harira, kalean galdeketa egiten ari zen. Eta derrigorrezko etxeratzearen inguruan gizon bati galdetu zion joan den mendean katekistek galdetzen ziguten bezala: «Gauzak txarto egin baditugu, norena da errua?». Entzun eta atoan gure ume arokoak etorri zitzaizkidan akordura; katekistak zigorraren funtsa azaltzen, eta «onak» ez baginen haserre zerutiarraren arriskuetaz ohartarazten, eta azken beltzean, ezer baino beltzago zena: infernua. Gauza denen gainetik, baina, gure amaren sua gogoratu nuen, gu ginen ume haien aurpegi damutu bera baitzuen kale inkesta erantzun zuen gizonak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.