Atarrabia, berriz prest

Bihar egingo dute 27. Hatortxu Rock jaialdia, euskal preso eta iheslarien alde. Hamazortzi talde arituko dira denera, hiru agertokitan banatuta

2017ko Hatortxu Rock jaialdia, Lakuntzan (Nafarroa). I. Z. / FOKU.
Naroa Torralba Rodriguez.
2022ko abenduaren 16a
00:00
Entzun
Hiru urteren ondoren, gaur egingo dute berriro Hatortxu Rock jaialdia, Atarrabian (Nafarroa). «Etxera buelta egitearen sentsazioa» izaten ari da prestaketa lana Aitor Agirrezabal antolatzailearentzat. «Hau da gure data, hau da egitera ohituta gaudena. Egun bateko jaialdia, Gabonen bueltan. Atarrabian, karpan. Egiten ikasi duguna hau da». Osasun larrialdiagatik, 2020ko abenduan dokumental bat egin zuten jaialdiaren ordez. Iaz, «egoerak hala eskatuta», bertan behera utzi behar izan zuten. Eta, aurtengo udan eginiko musika festibalaren ostean, 27. aldia izango da biharkoa.

Duela 23 urte sortu zenak helburu bera duela azaldu du Agirrezabalek: «Sakabanaketa salatzeko eta hura pairatzen dutenei laguntza ekonomikoa emateko jaialdia da». Gertu daude, gertu ditugu leloa du aurtengoak. «Horrekin, adierazi nahi dugu urte hauetan egindako bidea luzea dela eta helmugatik gertu gaudela. Azken hilabeteetan aurrerapausoak izan dira sakabanaketa amaitzeko; euskal preso politiko asko Euskal Herriko espetxeetan daude jada». Gertu egote horrekin, adierazi nahi lukete ez daudela helmugan. Zehaztu duenez, azken pausoak falta dira. Hala, azpimarratu du gertu hitzak beste adiera bat ere badaukala: prest egotea. «Prest gaude urrats horiek egiteko».

Hamazortzi talde arituko dira aldarri horri musika jarri nahian, hiru oholtzatan. Kontzertuak 16:00etan hasiko dira; Odeik zabalduko du egitaraua, Auzolana karpan, eta Plan B taldeak itxiko du, Etxera oholtzan, 04:15ean. Tartean, artista hauek ariko dira: Mafalda, La Furia, Bulego, Nogen, Odolkiak ordainetan, Soziedad Alkoholika, Merina Gris, Reimy DJa, Tremenda Jauria, Angelus Apatrida, Segismundo Toxicomano, Brigade Loco, Afu, Skakeitan, Sega Sound Killers eta Raimundo el Canastero.

Agirrezabalek azaldu duenez, «askotariko gustuetarako» artistak bildu dituzte, eta beste lehentasun batzuk ere izan dituzte: «Euskarak leku esanguratsua du. Baita emakumeen agerpenak ere. Kontziente gara musika jaialdietako zenbait karteletan emakumearen presentzia testimoniala dela ia-ia. Batzuetan, ez dago emakumerik. Hori landu dugu». Aitortu du, gainera, Nafarroako taldeek «oihartzuna» izan dezaten ere saiatzen direla. Taldeekin osatu duten egitaraua puzzle tankerako bat da harentzat, edozein gogo ase dezakeelako eta hori dutelako helburu: edonori erakargarri iruditzea biharko musika jaialdia.

Bi gune atondu dituzte kontzertuetarako: gune nagusian, bi agertoki izango dira aurrez aurre, eta hirugarren oholtza eremu txikiago batean egongo da.

Urtero agortu izan dira sarrerak aurresalmentan. Aurten, ez. Agirrezabalek esan du «txarto ohitu» direla azken urteetan, eta nabarmendu du faktore asko «nahastu» zaizkiela aste akabu honetan. «Udan jaialdia egin genuen, iaz ezin izan genuelako, eta, aurten, abenduko asteburuek data arraroak utzi dituzte».

Gabon gaua izango baita datorren asteko larunbata, eta Urtezahar eguna hurrengoa. Are, sartzear dena «euskal kulturaren asteburu» izendatu du antolatzaileak. Hertzainak taldearen kontzertuak hasiko du, Barakaldoko BEC erakustazokan (Bizkaia), eta Bertsolari Txapelketa Nagusiko finalak amaitu, Iruñeko Nafarroa Arenan. «Ospatzekoak izango dira ekitaldi horiek ere, eta jende asko mugituko dute».

1999. urtean sortu zuten Hatortxu. Berriozarko (Nafarroa) frontoian egin zuten lehenbizikoz, formatu txikian, eta bi mugarri izan ditu ordutik: hamargarren urteurrena, 2009an Lakuntzanegin zena (Nafarroa); eta 2017koa. Lehenengoan, 65 kontzertu antolatu zituzten. Bigarrenean, 84.

Atzeko eta ondoko lana

Antolatzaile guztiak boluntarioak dira, eta 800 inguru egongo dira aurten lanean. «Nafarroako herri eta auzoetan lanean aritu gara hilabeteetan, eta webgunearen bidez ere eman dute izena hainbatek, Euskal Herriko beste bazter batzuetatik ere etortzen baita jendea. Inurri lan hori da jaialdia zutik mantentzea ahalbidetzen duena. Esanguratsua da nola, gero eta indibidualagoa den gizarte batean, oraindik segitzen dugun auzolanean antolatzen».

Presoen sakabanaketa amaitzen denean jaialdiaren bideaz «eztabaidatu» beharko dutela esan du Agirrezabalek. «Argi daukagu lana ez dela hor amaituko. Beste formatu bat ere har lezake. Espero dezagun ahalik eta lasterren eztabaidatu behar izatea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.