Goizalde Landabaso
LARREPETIT

Ezintasuna

2019ko azaroaren 12a
00:00
Entzun
Igandea gauak hartu du lerrook idazten ari naizen bitartean. Hegoaldeko hautetsontziek zabalik jarraitzen dute euria eta txingorra tartekatzen dituen arrasti honetan. Amak bazkarian esan didan esaldia dut bueltaka: «Ezin da nahi den guztia idatzi. Ezin da ezta poema batean ere». Hau irakurtzen duzunean jakingo duzu zer gertatu ote den Espainiako estatuan faxistekin, nahi zuten besteko ordezkaritza lortu ote duten. Idazten ari naizen honetan ez dakit, nahiz eta irakurtzen ari zaren honetan badakizun. Giltzarik ez zuen armairutik atera dira Espainiako faxista denak eta beldur barik dabiltza kaleetan barrena basakeriak esan eta esan. Aspaldi ezagutu nuen mutil batekin gogoratu naiz egunotan. Orduko adiskide bat mutil batekin maiteminduta zegoen eta lehenengo zitan ez zuen berarekin bakarrik gelditu nahi; haren laguna ekarri zuen, nirekin gustatuta, nonbait. Tira, nirekin ez, nire irudiarekin asmatu zuen emakumearekin. Zure izenak ba ote du espainiar itzulpenik? Zergatik ez duzu izena aldatu? Zergaitik hitz egiten duzu euskaraz? Zergaitik diozu euskal herritarra zarela? Haren estrategia ere eraso bortitza zen. Egia berarekin zegoela pentsatzen zuen niri Darth Vader iruditu arren. Gureak ez zuen aukerarik. Batek daki zein garapen izan zuen, bizirik ote dagoen, baldin badago ziurrenen armairutik kanpo izango da.

Bozkatu ostean aurkitu ditut gurasoen ezagun batzuk kalean, eta tabernako azterketa politikoa egiten hasi zaizkit. Senarrak egiten zuen analisia eta emazteak bai eta bai ziotson buruarekin.

Unadura eragin didate taberna-eztabaidek dagoeneko, agian elitistegi bilakatu naiz; honezkero enpagua ematen dit politikakeriak. Beharbada sasoi ilunak datoz, ez ote dira, baina, beti ilun izan? Ez ote gara bizi zulo beltzegi batean? Ezin dira burutik pasatzen zaizkigun denak idatzi, poemetan ere ez. Ezin dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.