Goizalde Landabaso
LARREPETIT

Jauzia

2020ko martxoaren 3a
00:00
Entzun
Frantziako lehen ministroa den Édouard Philippek konstituzioaren 49.3 artikulua mahai gainean jarri, erretretan aldaketak egiteko aktibazioari ekin eta ordu batzuetara Maiterekin egon naiz. Erretiroa hartzeko sei ordu geratzen zaizkio. Azken jauzia. Eguneroko errutinari eutsi dio azkenengoz, eta datorren igandetik gora ez daki zer egingo duen, eta gutxiago hilabete barru; atera kontuak, urtebete barru. Oraindik ez da jabetu bizitza aldatuko zaiola zeharo, bere burmuinak badaki. Baina bihotzak, ez. Lan jarduna amaitzeko sei ordu geratzen zaizkio, eta uste dut orduotan ohikotasuna nahiago duela bihartik aurrera zabalduko zaion troka baino. Ez diot galdetu duina izango ote duen hilekoa, gutxienez 1.080 euroko soldata izango ote duen. Diru kontuetarako herabeegia naiz, intimotasunaren eremuari dagokiola pentsatu dut. Ez dauka planik. Ez du egin nahi. Bizi eta iloba zaindu, esan dit. Akordura etorri zait Kataluniako Tricicle taldeko kideei irakurritako elkarrizketa. Hauek ere zelanbaiteko erretirora doaz, azkeneko urteak eurentzako gorde nahi ei dituzte. Atzeratutako horiek denak egiteko, ziurrenen. Baina ilobez deus ere ez dute esan. Agian ez dute. Beharbada beste plan batzuk dituzte.

Nork ez du atzeratu inoizzereginetako bat edo beste, ustez helduko den jubilaziora arte?

Lanean sartu nintzenean jardunean ari ziren eta eredutzat nituenak erretiroa hartzen hasi dira. Lekukoa pasatzen digute erantzukizunaren lema astinduz; hemendik gora, zuena da, esanaz bezala. Poza eta bertigoa uztartu behar dira erretiroa iritsi orduko; izan ere, hainbeste denboran atzeratutako horiek gauzak egiteko tenorea ailegatzen da, baina bizitzaren azken txanpan sartzeak amildegia erakusten du. Maite agurtuko dut, aurrekoak agurtu ditudan bezala. Bizitzatik bazterreratuko zait. Berari Zamaltzain egiten duen tramankulua kentzeko garaia heldu zaio. Ailegatuko ote gara gu?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.