Zientzia. ARGI ALDIAN

Hilekoa: zeruan bezala lurrean ere

Ana Galarraga -

2019ko martxoak 22
Elhuyar Zientzia

Datorren ostiralean, hilaren 29an, historian lehen aldiz, bi emakume espazio irekira aterako dira, gizon baten laguntzarik gabe. Bi emakume, bakarrik. Biak NASAko astronautak dira, eta Nazioarteko Espazio Estaziotik (ISS) aterako dira, joan den udan jarritako bateria batzuk aldatzera. Haien izenak: Christina Koch eta Anne McClain.

Antza denez, genero-berdintasunak oso poliki egiten du aurrera espazioan, 35 urte igaro baitira dagoeneko, emakume batek espazio-ibilaldi bat egin zuenetik. Svetlana Savitskaia kosmonauta izan zen aitzindari hura, eta ia lau orduz aritu zen espazioan, Saliut-7 estaziotik kanpo, egituraren konponketa-lanetan. Eskifaiako gainerako bost kideak gizonak ziren, eta zeregin horietan haiek bezain ondo moldatzen zela onartu zuten misioaren arduradunek.

Kazetariek, berriz, Savitskaiak egindako lana goraipatzeaz gain, haren gorputzaz ere idatzi zuten. Izan ere, garai hartan oso zabalduta zegoen grabitate-eza emakumeen gorputzerako kaltegarria izango zelako ustea. Horregatik, askok nabarmendu zuten Savitskaiak onik gainditu zuela misio hura, kilo batzuk galdu zituen arren.

Ez ziren kiloak kezkatzen zituena, ordea; hilekoa baizik. Grabitate-ezaren ondorioz, odola ez zen kanporatuko, eta auskalo zer kalte eragin zezakeen gorputzaren barruan! Funtsik gabeko kezka hori oztopo handia izan zen emakumeak onartzeko espazio-misioetan, eta, gerora, nahiz eta osasunean eraginik ez duela frogatu den, tartean behin berriz pizten da mamua.

Esate baterako, 2016an, Houston eta Londresko (gizon) ikertzaile batzuek espazioan hilekoa izateari buruzko artikulu bat argitaratu zuten Microgravity aldizkarian. Espazioan zeuden bitartean hilekoa ez izateko hormona antisorgailuak hartzea gomendatzen zuten ikertzaileek. Horrek ere bazuen baina bat gizon haientzat: Martera joateko, adibidez, denbora asko behar da, eta beharko liratekeen milaka pilula haiek leku asko hartuko lukete.

Edonola ere, adituek onartzen dute espazioko instalazioak ez daudela prestatuta hilekoaren hondakinak behar bezala tratatzeko. Nonbait, instalazioak diseinatzen dituzten ingeniariek ez dute hilekorik izaten, eta ez dute aintzat hartzen beste inork izan dezakeenik ere.

Baina ez dago hain urrutira joan beharrik halako bereizketak topatzeko. Lurrean bertan, leku urrun eta bakartietan ikertzen duten emakumeek sarritan salatu izan dute azpiegiturak nahiko eskasak izaten direla, ikuspegi higienikotik. Hala ere, ezingo dugu beste inon aurrerapauso handirik eskatu, hemen, elkarri tanpoi bat edo konpresa bat uzteko, edo norberarena aldatzera joateko, ezkutuan gabiltzan bitartean. Ez dugu ezer ezkutatzeko.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna