Bertsolaritza

Ekosistema bat mugimenduan

Etengabeko berrikuntzan dabilen egitasmoa da Bertsozale Elkartea. Azken urteetan aldaketa ugari egin ditu; horregatik, gizarteari proiektua osorik ezagutarazteko aldizkari bat kaleratu du.

Saioak dira Bertsozale Elkartearen oinarrietako bat, baina ez bakarra. Irudian, mikrofono bat BECen. ARITZ LOIOLA / FOKU.
Ane Eslava.
2020ko abuztuaren 29a
00:00
Entzun
Geroan du kokatuta begirada Euskal Herriko Bertsozale Elkarteak; geroa du zerumuga. Bertsolaritzaren jarraipena bermatzeko sortu zuten, 1987an, eta hura zaintzen, sustatzen, ikertzen eta haren transmisioa bermatzen dihardu ordutik. Egonkortutakoaren eta berritasunaren arteko orekak bilatzen; mugimendu etengabean. Bost eremu nagusitan jarduten du, eta hiru zehar-lerro eta hamaika erronka ditu zehaztuak. Ekosistema horren erdian dago elkartea bera, baina ez da eragile homogeneoa: sei elkartek eta enpresa batek, 125 soldatapeko langilek eta borondatezko ehundik gora langilek osatzen dute. Katebegi horiek denek osatzen duten egitura «begi-kolpe batez» ezagutzera emateko, Bertsozale elkartea gero(r)a mugitzen aldizkaria argitaratu dute.

Etengabeko aldaketa prozesuan egonik, proiektua berrikusteko geldiuneak egiten dituzte, eta 2018an egin zuten azken gogoeta estrategikoa. Proiektua berrikusi eta zenbait aldaketa egin ostean, haren «oinarriak, balioak eta etorkizuneko asmoak» gizarteari erakusteko premia ikusi zuten, Estibalitz Esteibar komunikazio arduradunak adierazi duenez: «Dimentsio handia du proiektuak, eta batzuetan zaila egiten zaigu proiektu guztiaren azalpena egitea». Horretarako osatu dute argitalpena. 80 orritan, atalez atal eta lurraldez lurralde aletu dute elkartearen jarduna, eta elkarteko partaideen iritzi zutabeak ere sartu dituzte.

Hamaika norbanako eta talderen arteko batuketa da Bertsozale Elkartea. «Puzzlea aberasten duten hamaika pieza», Idoia Trenor elkarteko koordinatzaileetako baten hitzetan. «Eta elkartea ulertzeko, bizitzeko, modu askotarikoak biltzen dira bertan: rolak, belaunaldiak, generoak, lurraldeak...».Horregatik, auzolana da haren oinarrietako bat, eta «guztien parte hartzea ahalbidetzea» da erronketako bat.

Elkartearen zutabe nagusiak herrialdeka antolaturiko elkarteak dira, bost: Arabako, Bizkaiko, Gipuzkoako eta Nafarroako Bertsozale Elkarteak eta Bertsularien Lagunak. Bakoitzak bere egoera du, bere indarguneak, ahulguneak, erritmoak eta erronkak. Baina Trenorrek uste du guztiak «osasuntsu» daudela eta «indar handia» dutela: «Bakoitzak inguratzen duen errealitatean eragiteko proiektua du, eta horrek izugarrizko balioa du. Bakoitza desberdina da, baina denak batzen gaituen zoru komun sendoa dugu, eta horrek osatzen du ekosistema artikulatua».

Bertsolaritzaren transmisiorako, elkarteak bost jardun eremu nagusi ditu, aldizkarian dioenez: plaza, hezkuntza, ikerkuntza, komunikazioa eta hedapena.

Bertsolaritza bigarren olatu bat bizitzen ari da, eta plaza da horren epizentroa. Xenpelar Dokumentazio Zentroaren datuen arabera, 1990etik gaur arte bertsolari kopurua hirukoiztu egin da, eta saio kopurua, laukoiztu. Baina, preseski, hori da elkartearen kezka nagusia orain: plaza, bertsogintza. «COVID-19ak agerian utzi ditu sortzaileen baldintza zaurgarriak. Egitekoen artean lehenetsita genuen gaia, eta bizi dugun egoerak erakutsi digu errealitatearen gordina», salatu du Trenorrek. Egoerara egokitzen eta neurriak aztertzen ari direla erantsi du.

Bertso saioak ugarituta, horiek antolatzeko azpiegitura indartzeko beharra handitu egin da azken urteetan, eta, horri erantzuteko, elkarteak Lanku Kultur Zerbitzuak enpresa sortu zuen 2003an. Egun, «ezinbesteko» zutabea da. Lau adar ditu: saioen azpiegitura eta kontratazioa, ekoizpena, argitalpena eta aholkularitza. «Herri mugimenduaren antolakuntza errespetatuz bertsolaritza indartzea» du helburu, Ben?at Gaztelurrutia Lankuko arduradunak aldizkarian dioenez.

Baina plaza ez da oro. Bertsolaritzaren transmisiorako beste katebegi garrantzitsu asko daude, eta horietako bat hezkuntza da. Haren oinarria bertso eskolak dira; 120 herritan daude, 1.800 partaide eta 120 ikaslerekin. Ikasgeletara ere sartzen da bertsolaritza, elkartea 463 ikastetxetan aritzen baita; eta, horrez gain, bestelako jarduera batzuk antolatzen ditu, gazteen plazaratzea bultzatzeko eta bertsolaritza aisialdira eramateko: eskolartekoak, udalekuak... Trenorren arabera, hezkuntzari lotutako helburu nagusiak dira «bertso eskolak sustatzea eta haiekiko harremana zaintzea, hezkuntza arautuko lanean sakontzea eta aisialdiko ekintzei garrantzia ematea». Hori dena egoeraren arabera egokitu beharko dute, halere.

Bestetik, ikerkuntzaren bitartez bertsolaritzarentzako bide berriak zabaldu nahi izan dituzte, eta horretarako sortu zuten Mintzola Ahozko Lantegia 2008an. Gipuzkoako Foru Aldundiak, Kutxa Fundazioak, Euskal Herriko Unibertsitateak, Amasa-Villabonako Udalak eta Bertsozale Elkarteak osatzen dute Mintzolaren patronatua. Bertsolaritza askotariko ikuspegietatik aztertzen duten ikerketak bultzatzen ditu, unibertsitate esparruko erakundeekin, eta ezagutza hori hedatzeko lana ere egiten du. Mintzolarekin batera, gainera, Xenpelar Dokumentazio Zentroa ere aritzen da ikerkuntzan; 28 urte daramatza ondarea biltzen, antolatzen eta gizarteratzen. «Plazara irekitako behatoki dinamiko» gisa definitzen du bere burua.

Azkenik, bertsolaritza profil askotarikoengana helarazteko, garrantzia ematen diete hedapenari eta komunikazioari ere. Horretarako, hainbat proiektu sortu dituzte; besteak beste, Hitzetik Hortzera programa EITBrekin, eta Interneteko hainbat atari.

Hiru ardatz

Aldizkarian irakur daitekeenez, hiru zehar-lerrok ardazten dituzte bost jardun eremuak, gogoeta estrategikoan zehaztutakoak. Horietako nagusia feminismoa da. Elkarteak bertsolaritzaren aniztasunari ikusgarritasuna ematea du xede, Trenorren arabera: «Eta, horrekin batera, elkartearen egituran, plazan eta egitasmoetan parekidetasuna aintzat hartzen ari gara, eta kontzientziaz ari gara lanean». Praktikara eramateko, datorren ikasturtean berdintasun plana egingo dutela jakinarazi du. Bigarren oinarria belaunaldien arteko harremana da, «zail» ikusten baitute bertsolaritzaren kateari eustea belaunaldien arteko artikulaziorik gabe: «Elkarren arteko harreman horiek sustatzen jarraitzea ezinbestekoa da». Hirugarren ardatza lurraldetasuna da: sei elkarteren bilgune izanik, tokian tokiko ezaugarriak eta erritmoak zaintzea «oinarrizko» baliotzat dute.

Nondik datorren, non dagoen eta nora joan nahi duen aztertzeko pausaldia egin ondoren, gizartearekin partekatu nahi du orainBertsozale Elkarteak. Askotariko begirada eta balioak aterki berean bildurik, bertsolaritza osatzen duen balio sistemaren transmisioan aurrera egiten jarraitzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.