Literatura. 'Hadji-Murat'

Historiaren paisaia

Idazlea: Lev Tolstoi. Itzultzailea: Josu Zabaleta. Argitaletxea: Meettok.

2018ko otsailaren 25a
00:00
Entzun
Idazle ezin kanonikoago baten bazterreko lan bat ekarri digu Meettokek oraingoan, Josu Zabaletaren itzulpenean. Kanonikoetan kanoniko baitugu Lev Tolstoi idazlea;Hadji-Murat hau, berriz, bizitzaren hondar aldera idatzi eta hil ostean argitaratua, oin ohar bat baizik ez da haren obra osoan, non, besteak beste, Gerra eta Bakea eta Anna Karenina eleberrien itzalpean geratzen den. Nobela xumea dugu, berrehun orri ingurukoa doi, eta, hargatik ere, zenbait kritikarik biziki estimatua: kasurako, itzultzaileak Harold Bloomen gorazarre hitzak ekartzen ditu hitzaurrera, zeina, bide batez esanda, oso argigarria baita, nobelaren nondik norakoen berri izateko.

Izan ere, Hadji-Murat eleberri historikotzat har dezakegu funtsean, Tolstoik bertan kontatzen dituenak XIX. mendeko gertaera historikoak baitira, Errusiak Kaukaso iparraldea konkistatzeko gerretakoak. Hala, Errusiaren aurkako erresistentziako pertsonaia historiko garrantzitsua dugu Hadji-Murat, eleberriko protagonista. Hasieran, protagonista errusiarren aldera pasatzen da, eta hortik aurrerakoak biltzen ditu nobelak.

Narratzaile anonimo batek kontatzen digu Hadji-Muraten istorioa: hasieran, soro batean lapa belar zapaldu baina bizi bat ikusitakoan, narratzaileari gogora etortzen zaio Hadji-Muraten istorioa, eta kontatzeari ekiten dio. Kontakizun horrek nobela osoa hartzen du, eta, amaitzen denean, narratzaileak berriz ere hasierara jotzen du, lapa belar zapaldua aipatuz; hala, gure protagonistaren istorioa zapaldutako lore horretan bilduta geratzen da, protagonistaren beraren metafora gisa.

Istorioari berari dagokionez, esan beharra dago kutsu historikoa kontaeran ere igartzen zaiola nobelari. Izan ere, Tolstoik paisaia bat deskribatuko balu bezala idazten du, jada hor dagoena, historia bera, ahalik eta fidel eta osoen papereratu nahian bezala. Fikzio guztiz koherente bat osatu baino gehiago, Tolstoik errealitate baten argazkiak egiten dituela dirudi; kapitulu bakoitzean, eszena bereizi bat kontatzen du, eta sarritan ez da ageri-agerikoa zein den eszena baten eta hurrengoaren arteko lotura. Argumentua saltoka doa, eta jauzi horietan ekintza batzuk isildu egiten dira; Tolstoik maisuki erabiltzen ditu isilune horiek, batik bat bukaeran.

Halaber, narrazioa argazki-eszenen bidez osatzeko teknika horrekin, Tolstoik digresioak oso era dotorean txertatzen ditu. Esaterako, kapitulu batean Nikolas I.a tsarra agertzen zaigu —aski karikaturizatuta agertu ere—, Hadji Muraten istorioarekin zuzeneko loturarik izan ez arren. Hor, ikus daiteke Tolstoik bestelako helburuak ere badituela: zeharkako kritika sozial bat, adibidez.

Hala, batzuetan inpresioa ematen du bestelako helburu horiek gaina hartzen diotela narrazioari, eta horren ondorioz kontakizuna ilundu egiten dela. Ziur aski, Tolstoik nahita egingo zuen hori, nobela hau idatzi zuenerako kristautasunera bihurtua baitzen, noble gisa zegozkion pribilegioei uko egina eta nekazari bizimoduan murgildua. Halere, uste dut ezaugarri horrek enbarazu egiten diola gaur egungo irakurleari.

Halatan, Tolstoiren bertuteak bertute, ezin esan daiteke Hadji-Murat eleberria aise gozatzekoa denik, gaur egungo irakurlearen ikuspegitik behintzat. Edonola ere, narratzaile bikain baten teknikaren erakusgarri paregabea da, zalantzarik gabe.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.