Lehendakaritzara iristeko atea zabaldu dio PSOEk Txibiteri

Abalosek aukeratzat jarri du PSNko hautagaia aurkeztea, eta Madrilen ez du UPNren babesa nahi

Jose Luis Abalos PSOEko Antolakuntza idazkaria, atzo, Madrilen, prentsaurreko batean. EMILIO NARANJO / EFE.
enekoitz esnaola
2019ko ekainaren 11
00:00
Entzun
Nafarroako Gobernuaren eraketarako bi mezu eman zituen atzo PSOEk, Jose Luis Abalos alderdiko Antolakuntza idazkari etaEspainiako Gobernuko Sustapeneko jarduneko ministroaren bitartez. Batetik, Maria Txibite PSNren lehendakarigaiari atea zabaldu dio inbestidurarako. Eta, bestetik, jakinarazi du ez dituela nahi UPNren Kongresuko bi botoak Pedro Sanchez Espainiako gobernuburu izendatzeko, EAJren seiak galtzeko arriskua lukeelakoan. Bada jarrera aldaketa bat.

Maiatzaren 26ko foru hauteskundeez geroztik, Txibitek iragarria du inbestidurara aurkezteko asmoa duela. PSNko 11 parlamentarien babesa gain, balituzke Geroa Baiko bederatzienak, Ahal Dugu-ko bienak eta Ezkerrako bakarrarena —50etik 23 boto, guztira—, eta, hartara, gainditu egingo luke Javier Esparza Navarra Sumaren hautagaitza —hogei aulki—, baina lehendakaria litzateke, betiere EH Bilduko zazpi ordezkariak abstenituko balira. Duela astebete PSOEko zuzendaritza nagusia uzkur azaldu zen aukera horren aurrean, Nafarroako agintaldi osoa baldintzatuta legokeelakoan, baina Abalosek orain, sikiera, atea zabaldu dio aukerari. «[EH] Bildu abstenitzen bada, guk aurrez harekin negoziaziorik izan gabe, zergatik ez? Besteek egiten dutenak guri...», adierazi du PSOEko Antolakuntza idazkariak, Madrilen, alderdiko zuzendaritza nagusiaren bileraren osteko prentsaurrekoan.

Gainera, PSOEk baztertu egin du UPNren eskaintza Sanchezen inbestidurarako. Esparzak joan den astean iradoki zuen prest leudekeela UPNko bi diputatuen aldeko botoa emateko hari, PSOErekin «itunen bidea jorratzeko». Hau da, Navarra Sumarena ez litzatekeen beste gobernu baten eraketa saihestu nahi du horrela UPNk. Eskaintzari uko egin dio Abalosek, hori onartuko balute EAJren sei diputatuen sostengua galduko luketelakoan. «Espainiako gobernabidea ez dago Nafarroaren menpe, ezta [UPNren] bi boto horien menpe ere. Aritmetika hori ez litzateke batzeko: bi boto gehiago izan genitzake, eta sei gutxiago».

UPNren batzorde exekutiboak atzo iluntzean egin zuen batzarra, eta ondoren kaleratutako ohar batean erantzun zioten Abalosi «kaltegarria» dela Nafarroarentzat PSOEk «euskal independentisten xantaiari men egitea». Txibite Nafarroako presidente bada, EH Bilduren «babesari esker» izango dela nabarmendu zuten: «Ez dago debaldeko abstentziorik; ez dezatela inor engainatu».

Gaur hasiko da Sanchez inbestidurarako bilerak egiten Kongresuko taldeekin. Abalos bera ere izango da PSOEko taldean. Ikusgai da prest dauden gobernuan bakarrik egoteko, edo Unidas Podemosekin ala Ciudadanosekin lagunduta. Navarra Suma koalizioko kidea da Ciudadanos.

Adolfo Araiz EH Bilduko parlamentariak PSNri eskatu dio ez jartzeko betorik. «Kontua ez da inbestidura saioa bakarrik, baizik eta lau urtean gobernatzea, eta horretarako PSNk EH Bilduren beharra du. 50.000 nafar [EH Bilduren botoemaileak] baztertzeak politikoki ez du zentzurik», esan du Araizek, Onda Vascan emandako elkarrizketan. «Hitz egitea ezinbestekoa da. Ea PSN ez den Madrilen erabakira makurtzen».

Iruñeko saioa, 18:00etan

Iruñean datorren larunbatean alkatea izendatzeko udalbatzarra arratsaldeko seietan hasiko da, atzo jakin zenez. Navarra Sumak hamahiru hautetsi lortu zituen maiatzaren 26an, EH Bilduk zazpi, PSNk bost eta Geroa Baik bi. Azkeneko hiruretako hautagai batek gehiengo osorik lortu ezean, Enrique Maia (Navarra Suma) izango da alkate, Joseba Asironen (EH Bildu) partez. PSNk jakinarazi du ez duela Asiron babestuko, eta indar subiranistak ere esana du ez duela PSNko hautagai bat sostengatuko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.