Fiskaltzak Ospa Eguna debekatzeko eskatu dio Auzitegi Nazionalari

Uste du egitasmoa «gorroto» delitutzat jo daitekeela. Txibitek gogora ekarri du 2010etik ospatzen dela, eta ez PPk ez UPNk ez zutela galarazi

Ehunka lagun batu ziren iazko Ospa Egunean, Altsasun. JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
jon olano
2019ko abuztuaren 30a
00:00
Entzun
Kontraerasora itzuli da Espainiako Auzitegi Nazionaleko fiskaltza. Abuztu hasieran, Etxarri Aranatzen (Nafarroa) egitekoak ziren Inutilaren Eguna debekatzeko eskatu zion epaileari, baina hark ez zuen «terrorismo» zantzurik ikusi egitasmoan, eta entzungor egin zion fiskalari. Orain, Altsasun bihar egitekoak diren Ospa Eguna jarri du fiskalak jomugan, eta Auzitegi Nazionaleko 2. Instrukzio Epaitegiko epaileari eskatu dio debeka dezala, egitasmoa «terrorismo» eta «gorroto» delitu gisa jo daitekeela iritzita.

Aurrez, JUCIL guardia zibilen elkarteak fiskalari eskatu dio egitarauaren kontrako auzibidea has dezala. Fiskalaren ikusmoldearekin «erabat» ados agertu da PPN, uste baitu Altsasukoa «Segurtasun Indarren aurkako jazarpen» eguna dela, eta Nafarroako Gobernuari eskatu dio «beste alde batera ez begiratzeko». Hazte Oir elkarteak ere Maria Txibiteren gobernuari luzatu dio eskari bera.

Debeku hotsekin ez da konforme agertu, ordea, Maria Txibite Nafarroako Gobernuko lehendakaria. Gogorarazi du Ospa Eguna 2010az geroztik ospatzen dela, eta, harrezkero, ez UPNren ezta PPren gobernuek ere ez dutela hura bertan behera utzi.

Espainiako irrati kate publikoan, Txibitek «instrumentalizazioa» arbuiatu du: «Gobernuak argi du bere posizioa: Guardia Zibilak eta Espainiako Poliziak gure erkidegoan egin duen, egiten ari den eta eta egingo duen lana aitortzen du». Zehaztu du ez dituela bere egiten Ospa Egunaren «espiritua eta helburua», baina erantsi du «demokraziak» ezin duela «ekitaldi bat debekatu kolektibo edo elkarte jakin batek uste duelako ekitaldi horretako parte hartzaileek delitu bat egin dezaketela». Edonola, fiskaltza «adi» egongo da, delituren bat balego hura salatzeko: «Hori ez dagokio Nafarroako Gobernuari, Espainiako Gobernuaren ordezkaritzari baizik, eta, deliturik balego, fiskalak esku hartuko luke, baina ez lehenago».

Geroa Bairi babesa

Elkarrizketa horretan, Txibitek hizpide izan du Nafarroako Parlamentuak aukeratu behar duen senatariari buruzko eztabaida ere. Izan ere, Geroa Baik eta Ezkerrak nork bere hautagaia aurkeztuko dute, apirilaren 28ko hauteskundeei begira bi indar horiek, EH Bilduk eta Ahal Dugu-k, eginiko hitzarmenaren interpretazioan desadostasunak agertuta. Ezkerraren arabera, akordio horretan adostu zuten, parlamentuak aukeratu beharreko senatariaren kasuan, lau indarrek Ezkerrako hautagaia babestea. Geroa Baik, berriz, uste du itun hori ez dagoela indarrean, Aldaketa zerrendak ez baitzituen hiru senatari eskuratu Espainiako Gorteetarako bozetan. Hortaz, Geroa Baik PSNrekin hitzartu zuen sozialistek Geroa Baiko hautagaia babestea.

Atzo, Txibitek baieztatu zuen PSNk Geroa Baiko hautagaiari emango diola sostengua. Puntu hori ez zuten jaso Nafarroako Gobernuari buruzko negoziazioetan, baina horrela hitzartu zuten bi alderdiek eginiko aldebiko elkarrizketetan. «PSNk bere hitza beteko du», agindu zuen Txibitek, eta mezu bat bidali zion Marisa de Simon Ezkerrako bozeramaileari: «Gustatuko litzaidake hark ulertzea laukoaren garaia igaro dela».

Gainera, Txibitek uste du Ahal Dugu ere prest dagoela Geroa Bai babesteko. Eduardo Santos buru duen alderdiaren botoak ezinbestekoak lirateke senataria Geroa Baikoa izateko, PSNk eta Geroa Baik hogei parlamentari baitituzte, Navarra Sumak bezainbeste. Berdinduz gero, eskuineko koalizioarentzat litzateke senataria, parlamentari gehiago dituelako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.