Albistea entzun

Koronabirusa

Heldulekuak, ezbaian

EAEko Auzitegi Nagusiak ez dio baimenik eman Jaurlaritzari bilerak sei lagunera mugatzeko. Adituak ez datoz bat legeen interpretazioan
Zenbait turista Gasteizko Andre Maria Zuriaren plazan, artxiboko irudi batean.
Zenbait turista Gasteizko Andre Maria Zuriaren plazan, artxiboko irudi batean. DAVID AGUILAR / EFE Tamaina handiagoan ikusi

Edurne Begiristain -

2020ko urriak 23

EAEko Auzitegi Nagusitik etorri da erabakia: Eusko Jaurlaritzak ezin du legez mugatu talde bilerak gehienez sei pertsonakoak izatea. Erabaki hori «oinarrizko eskubideen aurka» doa eta ez dauka «lege babesik», epaileen ustez. Iñigo Urkulluren gobernuak joan den larunbatean erabaki zuen joan-etorriak eta jende pilatzeak gehiago mugatzeko neurriak hartzea, eta horien artean zegoen bilerak mugatzekoa. Auzitegi Nagusiak atzera bota du neurri hori, eta, beraz, gobernuaren erabakia «aholkua» izango da, eta ez betebeharra. Gainerako neurriak, ordea, bere horretan mantenduko dira, eta gaurtik aurrera sartuko dira indarrean; besteak beste, ostalaritzako edukiera eta ordutegia mugatzearekin lotutakoak.

Eusko Jaurlaritzak haserrea adierazi du epaileen erabakiarekin. Iñigo Urkullu lehendakariak esan du «errespetatu eta onartu» egiten duela, baina ez datorrela bat «inondik inora» ebazpenarekin. Haren ustez, Auzitegi Nagusiaren autoak «ate guztiak ixten» dizkio alarma egoera ezartzeko erabakia ez den edozein neurriri.

Jaurlaritzatik iritsitako kritikak ikusirik, Auzitegi Nagusiko jarduneko presidente Garbiñe Biurrunek epaileek hartutako erabakia defendatu du, esanez Jaurlaritzak ezin dituela halako neurriak hartu «egungo legediaren barruan». EAEko Auzitegi Nagusiak erabaki hori hartu duen egun berean, bestelakoa ebatzi du Nafarroako Auzitegi Nagusiak: etxe berekoekin soilik elkartzeko «aholkua» ematen duen foru araua babestu egin du.

Lege aldaketa da gakoa

Auzitegien ebazpenek lehen lerroan jarri dute birusaren hedapenari aurre egiteko erkidegoek hartzen dituzten neurrien helduleku juridikoa. Zirkulazio askatasunari eta biltzeko eskubideari eragiten dieten aginduek sortu dute, bereziki, eztabaida. Espainiako Gobernuak eta autonomia erkidegoek hartzen dituzten erabakien arteko oreka zail horretan, eskumenen arteko gatazka eta arauen interpretazio ezberdinak behin baino gehiagotan ari dira azaleratzen. BERRIAk kontsultatu dituen Zuzenbide Konstituzionaleko EHUko irakasleak ere ez datoz bat, eta indarrean dauden legeen inguruan aski interpretazio ezberdinak egin dituzte.

Izurriari aurre egiteko neurriak hartzean ezartzen diren irizpide juridikoak «nahasi samarrak» direla aitortu du Iñigo Urrutia irakasleak. Azaldu duenez, Espainiako Justizia Administrazioaren legean duela hilabete inguru egindako aldaketa baten ondorioz, erkidegoetako osasun agintaritzek baimena eskatu behar diete auzitegiei giza eskubideak edo askatasun publikoak mugatzen dituzten erabakiak hartzeko. Urrutiaren ustez, lege aldaketa horren prozedura nahikoa «nahasia» izan denez eta «presaz» tramitatu denez, galdera asko airean utzi ditu. Nolanahi ere, Urrutiak argi dauka Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak «ahalmena» dutela, osasun araudietan oinarrituta, askatasunak mugatzeko neurriekin.

Oso bestelako iritzia dauka Ainhoa Lasa irakasleak. Uste du Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak ez dutela ahalmenik, esaterako, bilerak pertsona kopuru batera mugatzeko. Espainiako Gobernuarekin eskumen gatazkarik dagoela ukatu du, gainera: «Oinarrizko eskubideez eta askatasun publikoaz ari gara». Espainiako Konstituzioan jasota dauden oinarrizko eskubideei erreparatu die Lasak, zehazteko biltzeko eskubidea mugatzea arau horren aurka doala. Eta, horri lotuta, esplikatu du Espainiako legediak argi eta garbi zehazten duela erkidegoek oinarrizko eskubideren bat murrizteko erabakia hartzen dutenean ezinbestekoa dutela justiziaren «baimena edo berrespena».

Ideia bera azpimarratu du Maite Zelaia Zuzenbide Konstituzionaleko irakasleak ere. Haren ustez, Jaurlaritzak eta Nafarroako gobernuek biltzeko eskubidea mugatu nahi badute, ezinbestean behar dute epaitegien baimena: «Herritarren oinarrizko eskubideak mugatzeko, nahitaez botere judizialaren oniritzia behar da». Lurralde barruko joan-etorriak murrizteko, ordea, eskumena badute erkidegoek, Zelaiak azaldu duenez: «Babes Zibileko eta Larrialdiak Kudeatzeko legeek ematen diete eskumena horretarako».

Urrutiaren iritziz, berriz, alarma egoerarik gabe ere, zirkulazio askatasuna murrizteko helduleku juridikoak badituzte erkidegoek, eta, beraz, ez legoke «justifikatuta» Espainiako Gobernuak beste larrialdi egoera bat ezartzea. «Ez da proportzionala lortu nahi den helburuarekin; badaude zentralizazioa eta militarizazioa ez dakartzaten beste bide batzuk».

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Migrante batzuk, Irungo Harrera Sarekoen azalpenak entzuten, atzo, herriko plazan. ©JAGOBA MANTEROLA / FOKU

Zeharkaldirako sareak eraikiz

Jone Arruabarrena

Egunero heltzen dira etorkinak Irunera, Lapurdiko muga igarotzeko asmoz. Irungo Harrera Sareko kideek han egiten diete ongi etorria, eta bidaia ahalik eta modu seguruenean egiteko informazioa eskaintzen diete. Aurten, bi gazte hil dira muga Bidasoa ibaitik gurutzatu nahian.
 ©BERRIA

«Bidean sufritu eta gero, oso gogorra da itsasoan noraezean ibiltzea»

Lide Iraola

MSFren ontziak bederatzi egun egin zituen itsasoan, portu batean lehorreratzeko zain. Ostegunean porturatu ziren, eta, orain, migratzaileei emango zaien osasun arretak eta arta psikologikoak kezkatzen dute Font.
Lodosa Bizirik taldeko kideak, Lodosako kaleen izenak gazteleraz eta euskaraz jarri eta gero, plaka berriei eusten. ©BERRIA

Hutsune guztiak bete arte

Ane Etxandi

Euskara sustatzeko hainbat egitasmo gauzatzen ari dira Estellerriko Erriberan. Berriki, kale izenak ele bitan jarri dituzte, eta, orain, Porrusalda plataforma sortu berriaren bidez, euskarazko kultur jarduerak antolatu nahi dituzte.
Mugimendu feministak antolatutako elkarretaratzea, atzo arratsaldean. ©JAIZKI FONTANEDA / FOKU

Gasteizko jaietan jazotako eraso sexistak gaitzetsi ditu mugimendu feministak

Iñaut Matauko Rada

Sei ziztada, bi eraso homofobo eta ukituengatik hiru atxilotu egon dira jaietan. Autodefentsa feminista aldarrikatu dute erasoei aurre egiteko

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...