Koronabirusa

Gizarte eskaerak, gora

Gizarte zerbitzuetako eskaerek gora egin dute pandemiaren ondorioz; lehen beharrik ez zutenen artera ere hedatu dira. Ikerketa bat egin dute

Lutxana auzoko elikagaien bankua, Bilbon. MARISOL RAMIREZ/ FOKU.
Maria Ortega Zubiate
2021eko urtarrilaren 9a
00:00
Entzun
COVID-19aren pandemiak gizarte zerbitzuetara jotzen duen jende kopurua «nabarmen areagotu» duela ondorioztatu du EHU Euskal Herriko Unibertsitateakbeste hainbat unibertsitaterekin egin duen ikerketa batean. Erabiltzaile berrien artean aniztasuna handia dela esan dute, aurretiaz behar egoeran ez zegoen jendeakere eskatu baitu laguntza orain. Gizarte zerbitzuen ohiko erabiltzaileen kasuan, berriz, egoerak okerrera egin duela ondorioztatu dute. Bestalde, zerbitzuetako langileen artean «nekea» nabaria dela ere agerian utzi dute ikerketan. Gainera, ez dute hobekuntzarik iragarri epe laburrerako: neguan egoerak okerrera egingo duen susmoa dute, negozio gehiago ixteko arriskua baitago.

Balear Uharteetako Unibertsitatearekin (Herrialde Katalanak), eta Espainiako hainbatekin egin dute azterlana EHUko ikertzaileek: Madrilgo Konplutentsea, Salamancako Unibertsitatea eta Zaragozakoa. EHUk gizarte zerbitzuen 52 zentrotako langileak elkarrizketatuta osatu du bere partea. Zentroak autonomia erkidegoen eta udalen esku egon daitezke, eta, orotara, sei autonomia erkidegotako egoera aztertu nahi izan dute, alderatu ahal izateko. Andaluziako, Aragoiko, Balearretako, Gaztela eta Leongo eta Madrilgo autonomia erkidegoetan eta Araba, Bizkai eta Gipuzkoan egin dute ikerketa, landa zein hiri eremuan.Bost unibertsitateek elkarrekin egiten duten bigarren lana da. Gizarte zerbitzuak eta pandemia: eskaera eta erronka gehiago konplexutasunean izena du, eta 2020ko irail eta azaro arteko datuak jaso dituzte bertan. Aurretik, uztail eta irail arteko egoera aztertu zuten.

Askotariko erabiltzaileak

Txostenak ondorio argia atera du egindako elkarrizketa guztietatik: pandemiak gizarte zerbitzuetako egoera okertu du, jende gehiagok jo baitu zerbitzu eske. Lehen laguntza beharrean ez zeudenek ere jo dute gizarte zerbitzuetara, eta lehendik erabiltzaileak zirenen beharrak areagotu egin dira. Horiek horrela, erabiltzaileak askotarikoak direla esan dute; kontratu ezegonkorrak dituzten pertsonak, diru sarrerarik ez duten gurasoak, eta «pandemiak eragindako gorabehera emozionalak» dituztenak. Heterogeneotasun horretan, ordea, «antzeko beharrizanak» identifikatu dituzte, oro har, kasu askotan. Erabiltzaileen egoera soilik ez, arloko langileena ere okertu dela azaldu dute; egoerak «gainezka» egin diela kontatu dute. Izan ere, baliabide falta izateaz gain, aurrez aurreko zerbitzuak bertan behera uzteak beren lana zaildu duela salatu dute. Ohartarazi dute arreta telematikoa emateak ondorioak ekar ditzakeela; ikuskatze faltagatik kasuak ez jakinaraztea, besteak beste.

Gehitu dute langileek martxotik hona «gehiegizko esfortzua» egin dutela; salatu dutenez, hilabeteotan izandako presioak «higatu egin ditu profesionalak, dituzten inplikazio eta erantzukizun maila altuengatik». Adierazi dute egoerari ez diotela bilakaera positiborik ikusten luze gabe, eta horrek are gehiago kezkatzen dituela. «Osasun sistemak eta gizarte zerbitzuek jasan duten egoerak kezkatu eta nekatu egiten ditu langileak. Gainera, aurreikusi dute egoerak txarrera egingo duela, eta ez dakite nola egin aurre heltzear den krisi sozialari», azaldu dute ikerlariek.Egoeraren alde positibo bat azpimarratu dute: behar egoeran dauden familiek gizarte zerbitzuetara jotzeko «lotsa» galdu dute. «Jendea urratsa egitera ausartu da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.