Koronabirusa

OMEk dio omikron aldaera zabaldu egingo dela munduan, delta bezala

Erakundearen arabera, omikron «aski kutsakorra» da, baina ez dago «beldurtu beharrik»

Herritar talde bat Kuala Lumpurko kaleetan, atzo. Malaysian herenegun atzeman zuten omikron aldaera. FAZRY ISMAIL / EFE.
ander perez zala
2021eko abenduaren 4a
00:00
Entzun
OME Osasunaren Mundu Erakundearen iritziz, ez dago zalantzarik omikron aldaera munduan zabalduko dela, aurrez deltarekin gertatu bezala. «Ziur egon gaitezke aldaera hau hedatu egingo dela. Delta ere toki batean hasi zen, eta orain nagusia da», adierazi zuen atzo OMEren eledun Christian Lindmeierrek. Hori bai, lasaitasunerako deia ere helarazi zuen, argudiatuta ez dagoela «beldurtu beharrik».

Nazioarteko erakundea egunero ari da omikron aldaerari buruzko informazioa biltzen, eta oraingoz ez du «bereziki» kezkatzeko mezurik jaso, OMEren zientzialari buru Soumya Swaminathanek adierazi zuen arren «aski kutsakorra» dela; horren erakusle da inor ez dela hil aldaera berriaren ondorioz, Lindmeierrek azaldu zuenez: «Gero eta kasu gehiago izango ditugu, informazio gehiago ere bai, eta hildakorik ez. Espero dut azken horrek hala jarraitzea».

Kutsatzeez, OMEren bozeramaileak berretsi egin zuen aurrez Hegoafrikako zientzialari talde batek zabalduriko informazioa: omikron aldaera gai izan daitekeela immunitatea saihesteko, eta berriz kutsatzeko arriskua handiagoa dela. Hori bai, kontuan hartu behar da analisi hori «atarikoa eta behin-behinekoa» dela, eta, beraz, ez dagoela argi zer ondorio eragingo dituen txertoetan.

BioNTech enpresaren ustetan, baina, baliteke «beharrezkoa» izatea txertoa aldatzea «immunitatea indartzeko»; Modernak, berriz, uste du txerto berriak «nahitaezkoak» izango direla omikron aldaeraren kutsatzeei «aurre egin nahi bazaie». Iritziak edozein direla ere, denak laborategietako proben zain daude, horien bidez argiago izango baitute zer erabaki hartu; printzipioz, emaitzak «datozen asteetan» jasoko dituzte.

Bien bitartean, OMEk esana du gobernuen lehentasunak txertorik hartu ez dutenak txertatzea izan behar duela, eta arreta delta aldaeraren kasuetan izan behar dutela jarria, kutsatze eta ospitaleratze gehienak eragiten baititu.

Gero eta neurri gehiago

Positibo kasuen goranzko joerari aurre egiteko, herrialdeak hasiak dira zenbait neurri murriztaile agintzen; Belgika izan da horretan azkena, Alexander De Croo lehen ministroak atzo jakinarazi baitzuen berrehun lagunetik gorako ekitaldiak debekatuko dituztela eremu itxietan, eta ikastetxeetan maskara erabiltzea derrigorrezkoa izango dela 6 urtetik gorakoentzat, besteak beste.

Suitzaren kasuan, osasun ziurtagiria sustatuko dute, maskararen erabilera derrigortuko dute hainbat tokitan, eta telelana lehenesteko mezua zabalduko dute, herrialdeko gobernuak atzo azaldu zuenez; neurriak etzi sartuko dira indarrean, eta gutxienez urtarrilaren 24ra arte iraungo dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.