Ikastolen ustez, Hezkuntza Lege proiektua «balekoa» da, baina «gabeziak» ditu

Ikastolek diote hizkuntza ereduak «isilbidez indargabetuta» daudela, baina murgiltzea eskatu dute. Matrikulazioan hartutako erabakiari eusten diote

Ikastolen Elkarteko ordezkariak, atzo, Ikastolen Etxean. GORKA RUBIO / FOKU.
Irati Urdalleta Lete.
Donostia
2023ko maiatzaren 10a
00:00
Entzun
Pil-pilean dago oraindik Euskal Autonomia Erkidegoko Hezkuntza Lege proiektua, eta eragileak bata bestearen atzetik ari dira iritzia ematen. Atzo, Ikastolen Elkarteak egin zuen balorazioa, Donostiako Ikastolen Etxean, Koldo Tellitu Ikastolen Elkarteko lehendakariaren eta Nekane Artola lehendakariordearen ahotik. Laburbilduta, hauxe iritzia: proiektua «balekoa» da, baina, aldi berean, «hainbat gabezia» nabaritu dizkiote. Ziurtatu zuten «jarrera eraikitzailea» dutela, eta Eusko Jaurlaritzari mintzatu zitzaizkion: «Aldebakarreko politika egiteari uzteko eskatzen diogu gobernuari, eta eragileen artean adostasunak bilatzeko eta gogoeta eta eztabaida sustatzeko mekanismoak martxan jar ditzala ere bai, betiere denoi joko arau garden eta berdinak ezarriz».

Positibotik hasi dira, egitasmoak eskaintzen dituen «aukera esanguratsuetatik». Elkartearen esanetan, lehenengoz «publikotasun eredu berri bat» definitzen du, eta, hezkuntza sistema propio bat eraikitzeko bidean, Euskal Hezkuntza Zerbitzu Publikoaren «ideia» badago: «Jasota daude Euskal Hezkuntza Zerbitzu Publikoa osatuko duten ikastetxeek, administrazio titulartasunekoak izan ala ez, bete beharreko baldintzak, printzipioak, konpromisoak eta betebeharrak, eta lortu beharreko helburuak».

Halaber, esan dute bat datozela proiektuan jasotako doakotasun printzipioarekin eta helburuarekin; eta Jaurlaritzako Hezkuntza Saila urratsak egiten ari dela, «finantzaketa gehigarria emanez».

Hizkuntzaren arloan ere ikusi dituzte «aurrerapauso batzuk»: jasota egotea neurriak hartuko dituztela euskararen erabilera bultzatzeko, eskola komunitatearen motibazioa sustatzeko eta ikasleen arteko harremanetan euskararen erabilera indartzeko; aitortu dutela euskara egoera gutxituan dagoela eta irakasle guztiek C1 maila lortzeko prestakuntza sustatuko dutela; eta ikasleek euskaraz B2 maila lortu beharko dutela Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza amaitzerako.

Oro ez da urre, ordea. «Hainbat gabezia» ere atzeman dituzte lege proiektuan. Esaterako, zehaztapenak falta dituela uste dute: «Gai garrantzitsu gehiegi, deskribapen labur baten ondoren, araudi bidez garatzeko geratzen dira». Iruditzen zaie «aldebakarreko politika» ahalbidetzen duela. Diotenez, Euskal Hezkuntza Zerbitzu Publikoan zehaztapenak falta dira: «Publiko-pribatu dikotomia juridikoa ez du gainditzen».

Doakotasuna ere mintzagai izan dute. Elkartearen irudiko, testuak ez ditu inon aipatzen doakotasunera iristeko modua eta baliabideak. Hortaz, eskatu dute epeak jartzeko eta lantalde bat osatzeko. Kazetariek galdetuta, Tellituk esan du doakotasuna finantzaketari lotuta dagoela. Azaldu du %15-%20 igo zietela joan den urtean, eta nabarmendu du isla izango duela: «Bultzatzen ari gara ehuneko berean ikastolok kuotak jaistea. Aurten beste igoera bat badago, gauza bera egingo dugu. Bi gauzak lotuta daude: finantzaketak gora egiten badu, kuotek behera egingo dute. Momentu batean lortzen bada finantzaketa legean agertzen den moduan oso-osorik izatea, kuotak desagertuko dira».

Euskarari dagokionez, nabarmendu dute ez dagoela bermatuta «euskara eta euskal kultura ardatz izango dituen sistema». Iritzi arren hizkuntza ereduak «isilbidez indargabetuta» daudela, murgiltzea galdegin dute. Eta ikasleek B2a lortzen duten jakiteko, nahi dute kanpo ebaluazio bat egitea. Halaber, uste dute ez duela eraikitzen euskal curriculumean oinarritutako hezkuntza sistema.

Matrikulazioa

Jose Luis Sukia zuzendari nagusiak ere erantzun die kazetariek matrikulazioaren inguruan agertutako zalantzei. Haren hitzetan, leku batzuetan ikasle «zaurgarrien» eta «ez-zaurgarrien» banaketa ez da orekatua izan. Alegia: «Ikastoletatik atera diren familiak gehiago izan dira gero bertara etorri direnak baino». Kasu horietan, «legezko baliabide guztiak» erabiliko dituzte horri aurre egiteko.

Ikastolen Elkartea ez da izan matrikulazioaz aritu den bakarra. Bingen Zupiriak, Jaurlaritzako bozeramaileak, adierazi du Hezkuntza Sailak ez duela uste ikastolek leku guztiak beteko dituztenik eta, beraz, ez dutenik lekurik gordeko matrikula biziarentzat —ikasturtea hasita dagoela iristen diren ikasleentzat—.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.