ETAren jardun armatuaren amaieraren 10. urteurrena. Erreakzioak

Sarek manifestaziora deitu du, espetxe politikaren aldaketa «sendotzeko»

Larunbatean izango da manifestazioa, Donostian. Sarek «aitorpen eta babes osoa» adierazi die ezker abertzaleak egindako adierazpenei

Sare plataformaren agerraldia, atzo, Donostian. JON URBE / FOKU.
Oihane Puertas Ramirez.
Donostia
2021eko urriaren 20a
00:00
Entzun
Sarek espetxe politikaren aldaketa «sendotzeko premiaz» ohartarazi zuen atzo, eta eskubide urraketa guztiei irtenbidea emateko eskatu, espetxe politikarekin eta biktima guztien aitortzarekin lotutakoei, hain zuzen. Adierazi zuenez, egoera «ezin da gehiago luzatu»: «Bizikidetza lortzeko ezinbestekoa da konfrontazioz eta sufrimenduz lotutako kapitulu hau ixtea». Eskubide urraketak amaitzeko, manifestaziorako deia egin zuten larunbaterako, Donostian. Agerraldia egin zuen atzo deia luzatzeko, ETAk jardun armatua eten zueneko hamargarren urteurrenaren bezperan.

Sareren arabera, hamar urteotan «aukera paregabea» zabaldu da bizikidetzan eta bakean «aurrera egiteko», baita pertsona guztien sufrimendu eta giza eskubideekiko errespetuan ere. Baina azaldu zuen aukera hori «erdizka aprobetxatu» dela; besteak beste, gaur egun ere euskal presoek bizi duten eskubideen urraketaren aurka «konponbide justurik» ez dagoelako. Plataformaren ustez, ETAren ekinbidearen amaierak «salbuespen legediaren amaiera» ekarri behar zuen, baina «urruntzeari eutsi zaio»: 104 preso daude Euskal Herritik kanpoko espetxeetan, «etxetik batez beste 250 eta 600 km arteko distantziara». Horrez gain, salbuespeneko espetxe politika «eragin negatiboa» duen beste arlo batzuetan ere aplikatzen da. Egoera horren aurka «justizia eta bihozberatasuna» eskatu zuen Sarek.

Bego Atxa eta Joseba Azkarraga plataformako bozeramaileek adierazi zuten Sarek «oso modu baikorrean» hartu dituela Arkaitz Rodriguezek eta Arnaldo Otegik astelehenean Aieten eginiko adierazpenak. Atxak Sareren «aitorpen eta babes osoa» adierazi zien adierazpenei; «zubiak eraikitzen jarraitzeko aurrerapausoak baitira». Gaineratu zuen «ondo» legokeela «gainontzeko indarkeriari babesa eman diotenek» ere horrelako aldarrikapenak egitea. Azkarragak ere adierazi zuen urriaren 18an esandakoa bizikidetza lortzeko «pauso garrantzitsua» izan zela.

Agerraldian, gainera, larunbatean Donostian egingo den euskal presoen eskubideen aldeko manifestaziora joateko deia egin zieten herritarrei. Baieztatu zutenez, Kataluniako presoen ordezkaritza bat ere egongo da. Manifestazioa 17:00etan aterako da, Antiguako tuneletik, eta Bulebarrean amaituko da, besteak beste, Gatibu taldearen emanaldiarekin.

Etxerat-en adierazpenak

Gainera, Etxerat-ek ere ohartarazi du salbuespeneko espetxe politikak lehenbailehen amaitu behar duela: «Ezin du itxaron ezta beste egun batez ere». Etxerat-en arabera, espetxe politika horrek, besteak beste, «herri honek konponbiderako eta bizikidetzarako» egin behar duen bidea «blokeatzen» jarraitzen du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.