Berraztertzeko aukera

Irmoa da 'Bateragune auziaz' Europak emandako epaia. Defentsak Gorenera jotzeko eskubidea du, kasua mugarik gabe planteatzeko

Bateragune auziko kideak, 2011ko ekainean, Espainiako Auzitegi Nazionalean, epaiketan. EFE.
enekoitz esnaola
2019ko otsailaren 21a
00:00
Entzun
Defentsak hala erabakitzen badu, Espainiako Auztegi Gorenak berraztertu egingo du AuzitegiNazionalak 2011n Bateragune auziaz emandako zigor epaia, eta aukera bat litzateke baliogabe geratzea sententzia. Auziko bost zigortuek dagoeneko beteak dituzte, osorik, kartzela zigorrak, baina haien artean Arnaldo Otegik oraindik ere indarrean dauka 2021eko otsailera arteko inhabilitazioa. Espainiako Estatuaren Abokatuak Giza Eskubideen Europako Auzitegiak iazko azaroaren 6an emandako epaiaren aurka helegiterik ez aurkeztu ostean sortu da Gorenera jotzeko eskubidea, Europaren sententzia irmoa baita jadanik. Estrasburgokoauzitegiak ebatzi zuen bost lagunek ez zutela bidezko epaiketa izan Auzitegi Nazionalean.

Otegi, Rafa Diez, Miren Zabaleta, Arkaitz Rodriguez eta Sonia Jacintoren defentsa abokatuek urtebeteko epea daukate Gorenera jotzeko. Egunotan dira biltzekoak aukera aztertzeko. Tramitazioak bi fase izango lituzke: lehendabizi, defentsak auzitegiari baimena eskatu behar dio helegitea aurkezteko; eta, ondoren, auzitegiak baimena emanez gero —abokatuen ustez, baldintza guztiak betetzen dira horretarako—, bi aste izango dituzte helegitea aurkeztu ahal izateko. Ondoren, Gorenak ez luke epe zehatz bat izango ebazpena jakinarazteko.

Espainiako Estatuan 2015ean Prozedura Kriminalaren Legean egindako aldaketa baten arabera, Europatik bueltatutako halako kasuetan estatuaren zigor epaian oraindik indarrean dauden neurriei bakarrik erreparatuko lieke Gorenak. Bost lagunen kasuan, gaur egun Otegik baino ez duzigorra: inhabilitazioa. Baina,halaber, lege berriak jaso zuen 2015etik aurrerako auzietan soilik ezarriko dela aldaketa, eta Bateragune auzia, 2009ko urrian hasi zen, operazioa izatean. 2015eko aldaketaren aurreko legea ezzegoen arautua horrelako kasuetarako, eta uler daiteke defentsak orain aukera lukeela ez soilik inhabilitazioa bertan behera uzteko eskatzeko, baizik eta kasua modu zabalagoan planteatzeko.

Auzitegi Nazionalak 2011ko irailean eman zuen zigor epaia,ETAko kideak izatea leporatuta; estrategia berria aurrera eramateko haren aginduetara ari zirela zioen epaiak. Gorenak 2012an epaia berretsi egin zuen, kartzela urteak pixka bat jaitsita —inhabilitazioak ez—, eta Konstituzionalak 2014an berretsi zuen Gorenarena. Sei urteko espetxe kondena osorik beteta, Zabaleta, Jacinto eta Rodriguez 2015eko urriaren 11n geratu ziren libre; eta, sei urte eta erdiko zigorraren ondotik, Otegi 2016ko martxoaren 1ean atera zen eta Diez 2017ko abuztuaren 17an, aurrez hamazazpi hilabetez baldintzapean aske egon zelako.

Beste bide bat

Inhabilitazioaren ondorioz, Otegik ezin izan zuen Eusko Legebiltzarreko 2016ko iraileko bozetan EH Bilduren hautagaia izan. Haren inhabilitazio kasuaz badago beste ate bat zabalduta: Konstituzionalak iazko abenduan tramiterako onartu zuen Iñigo Iruin abokatuak neurriaren aurka aurkeztutako babes helegitea. Konstituzionalak jarrera aldatu zuen Europaren azaroko epaiaren ondoren, hautagai izatearen «oinarrizko eskubideaz» doktrina ezarri gabe daukala onartuta.

Otegiri 2011n kargu publikoetarako inhabilitazioa ezarri zion Auzitegi Nazionalak, baina zehazteke zein karguri eragingo zion, eta, Iruinek azaldu izan duenez, estatuko jurisprudentziak esaten du zehaztu ezean ezin dela ezarri kargu publikoetarako inhabilitazioa. Gainera, Iruinen arabera, zigor hori Otegi kartzelatik irtetean amaitu zen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.