EH Bilduk dio unea dela estatus politikoa «fase erabakigarrian» sartzeko

PSE-EEri aurpegiratu dio erabakitzeko eskubideari «betoa» jartzea. EAJren ustez, EH Bilduk «bertigoa» dio jeltzaleekin akordioak lortzeari

EH Bildu taldearen bilera, atzo, Maddalen Iriarte buru zela. JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
Edurne Begiristain.
Gasteiz
2021eko irailaren 10a
00:00
Entzun
Hurrengo osteguneko politika orokorreko eztabaidak hasiera emango dio Eusko Legebiltzarreko urte politikoari, eta legebiltzar taldeek jada ekin diete ikasturte berrirako lehentasunak eta erronkak zehazteari. Helburu horrekin batzartu ziren atzo goizean EH Bilduko legebiltzarkideak, eta, Maddalen Iriarte bozeramaileak ondoren azaldu zuenez, izurriaren kudeaketa izango da koalizioaren lehentasun nagusia: «Pandemia kudeatzeko eredua aldatu behar dugu. Neurri murriztaileen lekuan neurri prebentiboak indartu behar dira, herritarrak ahaldundu, eta, batez ere, egiturazko aldaketak egiteari ekin behar diogu».

Koalizioko bozeramailearen iritziz, COVID-19aren pandemiak agerian utzi du tresna propioak behar direla herritarren ongizatea hobetzeko eta aurrera begirako erronkei heltzeko. «Erreminta burujabeak behar ditugu», ohartarazi zuen Iriartek. Haren iritziz, izurriak argiki erakutsi du estatus politiko berri bat eskuratzea lehentasun politiko bat dela, gaur egungo autogobernua ez delako aski aurrean diren erronkei erantzuteko: «Beharrezko ditugun erabakiak ezin ditugu hartu, gure autogobernua plastilinazkoa delako eta Madrilek nahi bezala txikiagotzen duelako».

Koalizioko bozeramailearen arabera, «tresnak» behar dira euskal herritarren ongizatea hobetzeko, eta horiek estatus politiko berri baten bidez lortuko dira. «Gai honetan fase erabakigarri batean sartzeko unea iritsi da. Jada ez dago aitzakiarik, eta guztiok argi mintzatu behar gatzaizkio gizarteari». Eusko Jaurlaritzak gai horretan jarrera argirik ez izatea salatu zuen Iriartek, halaber. Haren ustez, estatus politikoari buruzko eztabaida Eusko Jaurlaritzaren agendan ez egotearen ardura nagusia PSE-EErena da, erabakitzeko eskubideari «betoa» jarri diolako: «Gai hori ez dago Jaurlaritzaren agendan PSEk ez duelako erabakitzeko eskubidea onartu nahi».

Joan den astean Idoia Mendia Jaurlaritzako lehendakariordeak ohartarazi zuen sozialistek ez dutela onartuko Espainiako Konstituzioan lekurik ez duen estatutu erreformarik. Hori hala, Iriartek Jaurlaritzari ohartarazi zion argi eta garbi azaldu beharko duela erabakitzeko eskubidearen inguruan zer jarrera duen: «EAJk noiz arte onartuko dio PSEri erabakitzeko eskubidean betoa jartzea?», galdetu zuen. Gogora ekarri zuen Eusko Legebiltzarreko gehiengo zabal batek erabakitzeko eskubidea babesten duela, eta legebiltzar taldeen esku dagoela «gehiengo demokratikoa» aktibatzea estatus politiko berri bat onartzeko.

Estatus politikoa ez ezik, bestelako lehentasunak ere ezarri ditu EH Bilduk datozen hilabeteetarako: besteren artean, klima aldaketari aurre egitea, trantsizio energetikoa gauzatzea, eredu produktiboa eraldatzea eta ekonomiaren suspertzea. Gazteen emantzipazio politikak eta zaintza politikak ere agenda politikaren erdigunean izango ditu koalizioak.

EAJk kritika EH Bilduri

EH Bilduk ez ezik, EAJk ere asteon ezarri ditu urte politikorako lehentasunak. Herenegun batzartu zen EAJren talde parlamentarioa, Iñigo Urkullu lehendakaria eta Andoni Ortuzar EBBko presidentea buru zirela, eta hiru helburu finkatu zituzten: eredu publikoa indartzea, ekonomia suspertzea eta kalitatezko enplegua bultzatzea. Prentsa ohar bidez Joseba Egibar bozeramaileak jakinarazi zuen unea iritsi dela «herria eta herritarrak aurrera ateratzeko», garapen ekonomikoa, justizia soziala eta subiranotasun politikoa oinarri hartuta. Akordioak lortzeko orduan, berriz, EH Bilduri «erantzukizunik eza» aurpegiratu zion Egibarrek: «EH Bilduri benetako bertigo politikoa eragiten dio pentsatzeak gurekin akordio sozioekonomikoak edo aurrekontuekin lotutakoak lor ditzakeela».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.