Ortuzarrek Madrili berriz eskatu dio eskumenak azkarrago eskualdatzeko

EAJk ikasturte hasierako ekitaldi politikoa egin du. Erabakitzeko eskubidea defendatu du Egibarrek

Andoni Ortuzar, atzo, Zarautzen egindako ekitaldi politikoan. JON URBE / FOKU.
Maddi Iztueta - Irati Urdalleta Lete
2022ko irailaren 3a
00:00
Entzun
Andoni Ortuzar EBB Euzkadi Buru Batzarreko presidenteak«erronka ekonomiko eta politiko handia» ikusten du begi bistan, eta, horri aurre egiteko, akordioetara iristeko prest agertu da «euskal eremuko, Europako nahiz estatuko gobernuekin eta alderdiekin». Ordea, uztailaren amaieran bezala, berriz ere ohartarazpena egin dio Espainiako Gobernuko presidente Pedro Sanchezi: EAJrekin duen harremana «serio» hartzeko eskatu dio, «adostutakoa» betetzeko eta eskumenen eskualdatzeak azkartzeko: «Ondo konpondu gaitezen; garai zailak datoz, eta indarrak batzea inoiz baino beharrezkoagoa izango da». Oraindik «legealdiaren zati garrantzitsu bat» geratzen dela esan dio Sanchezi, eta «gauzak pixka bat hobeto» egitea galdegin dio.

Halaber, azkenaldian puri-purian dagoen gaiaz aritu da Ortuzar: «Gasaren kontsumoa murriztu behar da, baina inork esaten ez duena da gasik gabe ez dagoela euskal industria lehiakorrik, eta, ondorioz, ezta lanposturik ere. Subiranotasunaz hitz egiten betetzen zaigu ahoa, baina beste estatu gutxi bezain menpekoak gara energetikoki». Hori horrela, EH Bilduri «energia autojasangarritasunerako» akordioa proposatu dio. Baina zehaztu du: «Akordio serio bat, benetako akordio bat, eta benetako Euskadiren beharretarako izango dena, ez orain arte entzun ditugun burugabekeriak».

Erronka berriei ez ezik, historikoei ere erreparatu die Joseba Egibarrek, Gipuzko Buru Batzarreko presidenteak: «Euskadi da gure aberria, eta eskubidea daukagu gure etorkizuna erabakitzeko».

EH Bildu, neurri eske

EH Bilduk ere atzo hasi zuen 2022-2023ko urte politikoa, Gasteizen. Ekitaldian, Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusiak baieztatu zuen «burujabetza lortu arte» ez direla «urte politikoak bukatuko», eta, beraz, hura eskuratu arte «neurri estrukturalak eta erradikalak» hartu behar direla gauzak aldatzeko. Neurri horien artean aipatu ditu, esaterako, aberastasuna banatzeko politikak erdigunean jartzea, zerga erreforma sustatzea, eta energiaren, ekonomiaren eta higiezinen sektorean esku hartzea. Halaber, adierazi zuen giza eskubideak eta herritarren interesak bermatzea dagokiola administrazio publikoari.

Koordinatzaile nagusiaren arabera, ezinbestekoa da aipatutako erronkei aurre egiteko «munduari eta Euskal Herriari osotasunean begiratzea». Horretarako, iragarri du urte politiko honetan kalean, instituzio publikoetan, enpresetan eta gaztetxeetan ere antolatuko direla, eta baieztatu du mugimendu sindikalekin eta mugimendu feministarekin elkarlanean arituko direla aurrerantzean ere.

Izan ere, Otegiren arabera, egoeraren larritasunak ezin du bultzatu bere horretan geratzera. «Panorama bere larritasunean azaltzen diogu jendeari, baina ez esateko zer gaizki gauden, baizik eta esateko hau aldatu behar dela». Horregatik, egoera larria «aukera» bihurtu beharra nabarmendu du, «gauzak aldatzeko». Otegik jakinarazi du EH Bilduren konpromisoa «berdintasunaren, askatasunaren, subiranotasunaren eta justiziaren banderak» altxatzea dela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.