Nafarroako Gobernuko bozeramaile izendatu dute Elma Saiz, Remirezen ordez

Remirezek presidenteorde karguan jarraituko du. Datozen hiletan arlo ekonomikoak hartuko duen garrantziarekin lotu du gobernuak aldaketa

Elma Saiz, artxiboko irudi batean. IÑIGO URIZ / FOKU.
Erredakzioa
2022ko irailaren 6a
00:00
Entzun
Urte politikoaren hasierak aldaketak ekarri ditu Nafarroako Gobernuan. Ekonomia eta Ogasun kontseilari Elma Saiz gobernuko bozeramaile ere izango da aurrerantzean; Maria Txibite lehendakariak atzo sinatu zuen dekretua, eta bihar sartuko da indarrean. Javier Remirez ordezkatuko du Saizek eledun lanetan, baina gainerako karguei eutsiko die Remirezek: presidenteordea da, eta Lehendakaritza, Berdintasun, Funtzio Publiko eta Barne kontseilaria.

Saiz Iruñekoa da, 1975ean jaioa; ez da euskalduna. Gobernuak jakinarazi duenez, «gobernuaren arlo ekonomikoak legegintzaldiaren azken txanpan hartuko duen lehentasuna» da aldaketa egiteko arrazoia: «2023ko aurrekontuak onartzea eta Europako funtsak kudeatzea izango baitira berehalako erronkak». Eta horrekin batera, egungo egoera ekonomikoari eta energetikoari aurre egitea. Gainera, Parlamentuan azalpenak ematekoa da Saiz, maskaren erosketen auziagatik.

Remirez legealdi hasieratik izan da gobernuko eledun, baina oposizioaren kritika ugari jaso ditu, COVID-19ak eta Ukrainako gerrak eragindako krisiei emandako erantzunagatik. Hala, Saizek beteko ditu bozeramaile lanak datozen hilabeteetan: 2023ko maiatzean egingo dituzte Nafarroako Parlamenturako bozak.

Javier Esparza Navarra Sumako parlamentariaren ustez, «agerikoa» da Remirezenganako«konfiantza faltak» eragin duela aldaketa. PSNko eledun Ramon Alzorrizek ukatu egin du hori, eta Remirezi esker ona adierazi, «oso garai zailetan» eginiko lanagatik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.