Koronabirusa

Hildakorik gabeko egunaren ostean, beste bi lagun zendu dira

gotzon hermosilla
2020ko ekainaren 3a
00:00
Entzun
Joan den astelehenean emandako datuen arabera, bezperan ez zen hildakorik egon Hego Euskal Herrian COVID-19aren ondorioz, estreinako aldiz maiatzaren 24tik. Pozak, baina, gutxi iraun du, eta atzo ostera ere bi hildako erregistratu zituzten. Eusko Jaurlaritzak eman du bi heriotza horien berri, zer herrialdetan izan den zehaztu ez badu ere; Nafarroan, berriz, ez da hildakorik egon, eta horrekin lau egun dira jada herrialde horretan ez dela inor hil koronabirusaren ondorioz. Orotara, 2.068 lagun hil dira Hego Euskal Herrian koronabirusaren sintomak zituztela, martxoaren 4an lehenengo hildakoa erregistratu zenetik.

Hildakoen datua alde batera utzita, gainerakoek erakusten dute koronabirusak eragindako egoerak apurka-apurka hobera egiten jarraitzen duela. Azken 24 orduetan beste bost kutsatu baino ez dituzte detektatu Hego Euskal Herrian PCR proba eginda, bezperan beste. Aurrekoan, baina, bost kutsatu berriak Nafarroan hauteman zituzten; oraingoan, berriz, lau positibo Araban topatu dituzte, eta Nafarroan bakarra.

Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburu Nekane Murgak adierazi duenez, kasu berriak hain gutxi izateak aukera ematen du «horien eta horien kontaktuen kudeaketa lasaia» egiteko.

Murgak beste datu batzuk ere eman ditu Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan gaixotasunaren bilakaera positiboa dela erakusteko: esan duenez, oinarrizko birsorkuntza tasa «bataren azpitik» dago herrialde guztietan —Jaurlaritzak utzi egin zion datu hori herrialdeka emateari—, eta, atzemandako kasu berriei dagokienez, maiatzaren hasieratik hilaren amaierara arte %80 baino gehiago jaitsi da kopuru hori.

Erietxeetan ere egoera hobetzen ari da, motel bada ere. ZIU zainketa intentsiboetako unitateetan 37 gaixo artatzen ari dira, bezperan baino hiru gutxiago. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 27 lagun daude ZIUetan, bezperan baino bi gutxiago, eta Nafarroakoetan, berriz, hamar; aurreko egunean baino bat gutxiago.

Datuen arteko aldeak

Berriro ere, alde nabarmenak agertu dira Nafarroako Gobernuaren eta Espainiako Gobernuaren datuen artean. Nafarroako Gobernuaren arabera, herrialdean 5.300 lagun kutsatu dira koronabirusaren pandemia agertu zenetik, eta hildakoak 515 izan dira. Espainiako Gobernuak, berriz, 5.259 gaixoren berri eman du, eta, haren datuen arabera, hildakoak 490 izan dira.

Nafarroako Gobernuak esan du «etengabe lanean» ari dela Espainiako Gobernuarekin datuak aztertu eta gaurkotzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.