EAko ildo kritikoa prest da auzitara jotzeko afiliatuen errolda lortzeko

Alderdiak etzi egingo du ezohiko batzar nazionala, primarioekin aurrera nola egin erabakitzeko
Miren Aranoa EAko Nafarroako koordinatzailea, Iratxe Lopez de Aberasturi Arabakoa eta Mikel Goenaga Gipuzkoakoa, atzo, Donostian.
Miren Aranoa EAko Nafarroako koordinatzailea, Iratxe Lopez de Aberasturi Arabakoa eta Mikel Goenaga Gipuzkoakoa, atzo, Donostian. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU

Enekoitz Esnaola -

2019ko uztailak 17
«Hausturarako arriskurik ikusten al duzue?», galdetu die kazetari batek EAko ildo kritikoko kideei, prentsaurrekoaren bukaeran. Iratxe Lopez de Aberasturik eman du erantzuna: «Ez». Dena dela, ildo kritikoak aitortu du EA barruko egoera «larria» dela. Haien arabera, arrazoia: zuzendaritzak «etengabe ukatu» die afiliatuen datu baserako sarbidea, eta, bestetik, ez die ematen kuota ordaintzen ez duten afiliatuen errolda. Pello Urizarren dimisioaren ostean, idazkari nagusi berria aukeratu behar du EAk —primarioen bidez lehen aldiz—, baina «gardentasuna» eskatu du ildo kritikoak, eta prest azaldu da auzitara jotzeko. EAren hurrengo hitzordu nagusia, etzi: ezohiko batzar nazionala (19:00, Gasteiz); zuzendaritzaren arabera, «afiliazioak [primarioen] prozesuarekin aurrera nola jarraitu erabaki dezan». Ildo ofizialaren ordezkariak gehiengoa dira. Kritikoek salatu dute «zuzendaritza bilera paralelo batean» hartu dela batzarra deitzeko erabakia.

Ildo kritikoaren ordezkari organiko goren modura, Miren Aranoa EAren Nafarroako koordinatzaileak, Iratxe Lopez de Aberasturi Arabakoak eta Mikel Goenaga Gipuzkoakoak eman dute prentsaurrekoa, Donostian, alderdiaren egoitzan. Goenagak azaldu du datuen sarbiderako alderdi barruan egin duten bidea amaitutzat eman dutela, eta, urte honetako hauteskunde zikloa amaitu zain egon ostean, agerraldia egitera behartuta ikusi dutela euren burua, egoera nola dagoen azaltzeko jendaurrean. Haien hitzetan, sarbidea ez dute EAko afiliatu arruntek eskatu, «hainbat elkarrizketatan Joseba Gezuragak [jarduneko idazkari nagusiak] adierazi bezala», zuzendaritzakide diren aldetik aipatutako hiru lurralde horietako koordinatzaileek baizik, eta zuzendaritzak datuak «ukatu eta ezkutatu» izana deitoratu dute. «Nazio Batzordeko kide gisa gure eskubideak urratu egiten dira». Lopez de Aberasturik «EAko praktika irregularra, antidemokratikoa eta iluna» salatu du agerraldian.

EAko zuzendaritzak astelehen arratsaldean zioen datu baseen kudeaketaren aholkularitza batek alderdiko arduradunei helarazi diela «afiliazioaren datuak zabaltzeko bideraezintasun legala» dagoela. Ildo kritikoak, aitzitik, esan du bere txosten juridiko batek ez duela halako trabarik ikusten.

Gainera, kritikoek susmoa agertu dute alderdiko kuota ordaintzen ez duten afiliatuen kopurua puztuta ote dagoen —EAk badu araudi bat alde horretatik, afiliatuen diru sarrerak-eta kontuan hartuta—. Batik bat, Bizkaiko kasuan dute susmoa —ildo ofizialaren esku da hango zuzendaritza—, eta iritzi diote horrek baldintzatu egin dezakeela idazkari nagusiaren hautaketa, primarioetan afiliatu bakoitzak boto bat izango baitu. Afiliatu horien errolda ere eskatu dute ildo kritikoko arduradunek.

Aranoaren, Goenagaren eta Lopez de Aberasturiren esanetan, EAren duela bi urteko ohiko batzar nagusiaren ondoren lurralde koordinatzaile hautatu zituztenetik ari dira afiliatuen errolda eskatzen zuzendaritzari, baina daturik ezean EAko Berme Batzordera jotzea erabaki zuten. Batzordeak joan den martxoaren 11n ebatzi zuen datu baserako sarbidea eta errolda prozesuen kontrolerako aukera izan behar dutela zuzendaritzakideek, baina Goenagak azaldu du haiek oraindik ez daukatela halakorik. Bost lagunek osatzen dute Berme Batzordea, eta hiru kide agertu ziren datuak ematearen alde. Beste kide batek, ordea, haien funtzionatzeko moduaren kontrako kexa agertu zion zuzendaritzari, eta horrek, «ustezko jokaera irregularrengatik», espediente informatiboa zabaldu die hiru haietako bi kideri behintzat. EAko kritikoek hori ere ez dute ongi hartu.

Kontuan hartuta Berme Batzordearen martxoko erabakia ez zela «errespetatu», EAren Arabako, Gipuzkoako eta Nafarroako koordinatzaileek jakinarazi dute ekainaren 20an Urizar idazkari nagusiari ohartarazi ziotela gaia Justizia arruntaren auzitegira eramateko asmoa zutela. «Lau egunen buruan, dimisioa eman zuen hark». Ildo kritikoko ordezkariek iritzi diote ekainaren 20koak eta 24koak «lotura» dutela. EAko zuzendaritzako kide batek BERRIAri esan dio Urizarrek lehenago bazuela uzteko asmoa; hots, erabakia zuela azken hauteskundeen zikloa amaitu ondoren bukatuko zuela bere ibilbidea arduradun modura —2009an aukeratu zuten—.

Lehengo astean jakin zen afiliatuen erroldarena konpontzen ez den bitartean primarioen fasea eten egin duela Berme Batzordeak —primarioetako araudia ekainaren 13an onartu zuen EAko batzar nazionalak—. Hala, Goenagak esan du oraindik ez dagoela indarrean barne hauteskundeen araudia —ez da iritzi berekoa zuzendaritza—, eta, beraz, idazkari nagusia hautatzeko primarioak deitzeko bi hilabeteko epea ez dela hasi. «Garrantzitsuena ez da idazkari nagusia irailean edo abenduan aukeratzea, baizik eta aukeraketa gardentasun baldintzetan egitea eta barne demokrazia bermatzea».

Biltzar nagusian, bi ildo

Orain dela bi urte, EAren ohiko biltzar nagusian bi ildo agertu ziren, eta Urizarrena nagusitu egin zitzaion Maiorga Ramirezenari. Handik aste batzuetara aukeratu zituzten EAren Arabako, Gipuzkoako eta Nafarroako koordinatzaile Lopez de Aberasturi, Goenaga eta Aranoa; hirurak Ramirezen ildokoak —ildo ofizialaren esku geratu ziren Bizkaia eta Ipar Euskal Herria—. Bi ildoen arteko desadostasunak segitu egin zuen, EA barne krisi batean egoteraino, kritikoek ohartarazi dutenez. «Gure iritzian, alderdia kontrolpean edukitzeko bi urte hauetan alderdiko estatutuak argi eta garbi urratu dituztenek sortu dute ataka egoera hau», adierazi du Goenagak.

EH Bildurekiko konpromisoa dutela nabarmendu dute Lopez de Aberasturik, Goenagak eta Aranoak, EH Bildu bilaka dadin «benetako alternatiba», baina esan dute EA gisa lan handiagoa egin behar dela han.
Enekoitz Esnaola

Informazio osagarria