Koronabirusa

Sintomak dituztenei eta haien kontaktuei egiten diete PCR proba Nafarroan

Indurainen arabera, helburua da azkar atzematea kasu positiboekin harreman estua dutenak. Bigarren olaturako prest daudela azaldu du

Nafarroako Parlamentuko ganbera nagusia, atzo, kontrol saioan. NAFARROAKO PARLAMENTUA.
joxerra senar
Iruñea
2020ko maiatzaren 15a
00:00
Entzun
Hemendik aurrerako bide luze eta konplexuan, giltzarri izango da osasun sistemak lehenbailehen atzematea kutsatu direnak, bai eta haren kontaktuak ere. Atzo, parlamentuko kontrol saioan, Santos Indurain Osasun kontseilariak nabarmendu zuen Nafarroa prest dagoela erronka horretarako. Batetik, COVID-19arensintomak garatzen dituzten «herritar guztiei» PCR proba egiten diete ospitaleetan eta osasun etxeetan. Bestetik, kasu susmagarri horien guztien kontaktuen artean ikertzen dute; sendian, lantokian eta lagunartean, alegia. Indurainen arabera, ikerketa hori «funtsezkoa» da, eta giza baliabideak eta bitarteko teknologikoak jartzen ari dira. Gainera, bederatzi erizainez osatutako dei zentro bat ezarri dute, eta jada abian den Coronatest aplikazioa garatu nahi dute, zereginean laguntzeko. «Xedea da lehenbailehen jakitea nortzuk izan duten harreman estua, testa egiteko, bakartzeko eta bilakaerari erreparatzeko».

Hain zuzen ere, Indurainek ika-mika izan zuen Navarra Sumarekin atzoko kontrol saioan. Eskuineko koalizioak «gardentasunik gabe eta inprobisazioz» jokatzea egotzi zion gobernuari. Cristina Ibarrola Navarra Sumako parlamentariaren hitzetan, Nafarroako Gobernua «herrenka» doa, «Espainiako Gobernuaren atzetik». Haren hitzetan, lehen fasean sartzeko Osasun Ministerioari igorritako eskaeran, gobernuak ez zuen kontaktuei PCR probak egiteko aipamenik egin. «Jabetzen zarete duzuen arduraz? Munduaren beste bazterrera joateko bidaia planifikatuta izatea bezala da: maleta egiten ari zarete, begiratu gabe zer eguraldi aurreikuspen izango den, eta horrek arrisku handia hartzea dakar berekin».

Indurainek gezurtatu egin zituen Ibarrolaren baieztapenak, eta adierazi zuen Nafarroan, COVID-19 kasuak atzemateko estrategian, PCR probak giltzarri izan direla, direla eta izango direla. Alta, nabarmendu zuen garrantzitsua dela aldez aurretik jakitea PCR proba nori, nola eta zertarako egiten zaion. Egun, sintomak dituztenei eta haien kontaktuei ez ezik beste honako hauei ere egiten diete proba: edozein delarik arrazoia, larrialdietara doazen guztiei; ebakuntza edo endoskopia programatua dutenei; tratamendu onkologikoak eta bestelakoak hartu behar dituztenei; sendagiria jaso eta zahar etxera itzuli behar dutenei; lehen aldiz zahar etxean sartzen diren egoiliarrei...

Osasun arloko eta larrialdietako langileei ere egin diete. Indurainen arabera, sintomarik ez duten 4.539 langileri egin zaie proba, eta soilik %2k eman dute positibo. Osasunbideko langileen %81i gutxienez bi test egin zaizkie, Indurainen arabera.

Plangintza falta dagoela gezurtatu zuen Indurainek. Bigarren olatua etortzerik inork nahi ez badu ere, Indurainen hitzetan, Nafarroak plana egituratua du egoera horri aurre egiteko. Indurainen arabera, Nafarroak %47 handitu dezake ohe kopurua ospitaleetan, 1.400eraino; larrialdietan, beste 92 ohe gehitu ditzake, 170eraino. Gainera, lehen olatuan adierazi bezala, hotelak osasun arlora egokitzeko eta behin-behineko ospitale bat altxatzeko plana dute. Beste 65 arnas makina bereganatu dituzte, eta nahikoa babes ekipamendu lortu. «Ez genuke nahi, baina asko ikasi dugu denok. Denbora luzez egon gara birus honen atzetik». Haren hitzetan, profesionalek irakaspenak barneratu dituzte: «Asko ikasi dugu; denok ikasi dugu, umiltasunez». Ez du baztertu kutsatze kopuruak handitzeko aukera.

Navarra Sumari iradoki zion hartutako bidea alboratzeko. «Tonu pedagogiko, politiko, mediatiko edo profesionalago batean hitz egin dezakegu, baina saihestu beharko genuke eztabaida alderdikoia, beste interes batzuk nahasten dituelako. Datuak errepikatu ditzakegu, baina komeni da konfiantza giro batean lan egitea, baita kasuak atzemateko lanean diharduten profesionalekiko konfiantza izatea ere».

«Ez gaude babesturik»

Zuhurtzia ere eskatu zion gizarteari. SARS-CoV-2 koronabirusarekin kutsatu direnak atzemateko zailtasunetako bat sintomarik garatu ez dituzten herritarrak dira. Nafarroak, egun, 5.100 positibo atzeman ditu, baina, biztanleria osoaren gaineko lehen azterketa serologikoak adierazten duenez, guztira herritarren %6 inguru kutsatu dira. Ezkutuan izan den poltsa bat dagoela ohartarazten du, baina, horrekin batera, herritar kopuru handi bat ez dela kutsatu. Horregatik, Indurainek zuhurtzia eskatu zuen: «Ez gaude babesturik koronabirusaren aurka; defentsa gutxi ditugu, eta esan nahi du hauskorrak garela».

Azkenik, Bakartxo Ruiz EH Bilduko parlamentariak galdetu zion Maria Txibite lehendakariari ea zer irizpide erabiliko duen ospitale pribatuei ordaintzeko. Ruizen arabera, gobernuak ezarri beharko luke prezioa, eta osasun publikoan gaixo baten arretak duen kostua erabil daiteke erreferentzia gisa. Espainian, osasun pribatuko patronalak laguntza bereziak eskatu dituenez, kezka azaldu du. Txibitek erantzun zion negoziazioak hasiak direla, baina ukatu egin zuen sistema pribatua erreskatatuko dela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.