Koronabirusa

Hiru astean ia erdira murriztu da ospitaleetako pazienteen kopurua

Hegoaldeko zentroetan 484 eri dira birusarekin; ZIUan, 153. Agintariek «zuhurtzia» eskatu dute

Hiru astean ia erdira murriztu da ospitaleetako pazienteen kopurua.
Uxue Rey Gorraiz.
2021eko maiatzaren 19a
00:00
Entzun
Birusaren transmisioari buruzko grafikoetan ez ezik, pandemiaren olatuen gorabeherak bistakoak dira ospitaleei buruzko adierazleetan ere. Presioa nabarmen ari da arintzen zentroetan; kurba maldan behera da apirilaren hondarretik. Nafarroako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak emandako datuen arabera, Hego Euskal Herriko erietxeetan 484 paziente dira COVID-19ak jota. Orain hiru aste, apirilaren 26an, 938 ziren; ia bikoitza, alegia. Atzo arte, kopurua apirilaren 2an izan zen azkenekoz 500eko langatik behitikoa.

Erietxeratuak diren 484 gaixoetako 331 zentroetako gela arruntetan dira, eta 153 larri daude ZIU zainketa intentsiboetako unitateetan. Unitate horiei dagokienez, apirilaren 10etik erregistratutako daturik apalena da hori.

Kutsatzeak ere, beheraka

Halaber, COVID-19aren transmisioaren bilakaerak beheranzko joerari eutsi dio beste behin Hegoaldean: herenegun 329 COVID-19 kasu atzeman ziren birusa detektatzeko egindako testetan, eta, hala, beste behin, martxoaren 14tik aitzina erregistratutako kutsatu kopururik apalena izan da Hegoaldeko osasun agintariek emandakoa. Gainera, bada aipatzekoa den beste aldagai bat: positiboen ehunekoa %2,8 izan zen asteleheneko testetan, 11.906 proba egin baitziren. Horiek horrela, portzentajea nabarmen urrundu da OME Osasunaren Munduko Erakundeak mugarritzat ezarria duenetik (%5).

Kutsatuen datuak lurraldeka aztertuta, herenegun atzemandakoen kopuruak Bizkaian baizik ez zuen ehunekoa gainditu, berriz ere. Han 157 positibo zenbatu zituzten; gainerakoetan nabarmen apalagoa izan zen kopurua: Gipuzkoan 91 zenbatu ziren; Nafarroan, 49, eta Araban, 23.

Intzidentzia tasari so, Gipuzkoan da egoerarik larriena: azken bi asteetan 100.000 biztanleko 324ri atzeman diete birusa. Bizkaia hurbil da kopuru horretatik, 320 baita haren tasa. Nafarroan eta Araban aski txikiagoa da: Nafarroan, 180 eta Araban, 166.

Hain zuzen, transmisioaren beheranzko joerari buruz mintzatu dira Hegoaldeko agintariak. Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak nabarmendu dute kutsatuen kurba apaltzen ari dela. Hala eta guztiz ere, eske bera egin diete herritarrei: «zuhurtziaz» eta «arduraz» joka dezatela.

«Esperantzarako arrazoi aski ditugu, eta horrek animatu behar gaitu neurriak betetzera», azaldu du Jaurlaritzako Osasun sailburu Gotzone Sagarduik.Azaldu du alarma egoera bukatuta «nabarmen» handitu dela interakzio soziala, eta, beraz, «erne» izanen direla datozen egunetako bilakaerari. Gainera, Fernando Simon Espainiako Osasun Larrialdietarako Koordinazio Zentroaren koordinatzaileak maskararen erabilera arintzeko urratsak «laster» eginen direla iragarri ondotik, Sagarduik esan du oraindik goiz dela horretarako: «Gizartearen gehiengoa immunizatua dagoenean baizik ez da posible izanen, eta ez da halakorik gertatu».

Antzeko ideiak plazaratu ditu Nafarroako presidente Maria Txibitek. Nabarmendu du herrialdea «erdi mailako arriskuan» dela jadanik, baina argitu du neurrien leuntzea «apurka-apurka» egin behar dela, eta erabakiak herrialdeko «bide orri propioa» jarraituz hartuko direla.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.