Koronabirusa

Astebetean %27 handitu da positibo kopurua Hego Euskal Herrian

Azken zazpi egunetan 1.193 kasu detektatu dituzte. Ospitaleratutako gaixo kopurua %32 handitu da epe berean: 128 eri daude gaitzarekin

PCR probak, Gasteizko Txagorritxu ospitaleko laborategi batean. G.RUBIO / FOKU.
Edurne Begiristain.
2021eko urriaren 26a
00:00
Entzun
Eusko Jaurlaritzako eta Nafarroako Gobernuko osasun agintariek egunak daramatzate ohartaraztenCOVID-19aren izurriaren bilakaera okertzen ari dela. Atzo, bi gobernuetako osasun departamentuek eman zituzten datuek berretsi egin zuten joera hori: pandemiaren bilakaera neurtzeko adierazle askotan antzeman daiteke egoeraren makurtzea. Kutsatuen kurba, adibidez, goraka doa. Osakidetzak eta Osasunbideak atzo emandako datuen arabera, azken zazpi egunetan 1.193 positibo atzeman dituzte Hegoaldean. Hilaren 18tik 24ra bitarteko epeari dagokio kutsatu kopuru hori. Datuok argiki islatzen dute koska bat gora egin dutela kutsatzeek aurreko astearekin alderatuta. Zehazki, %27 handituda positibo kopurua hilaren 11tik 17ra bitartean 939 kasu atzeman zituzten.

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak astean behin jakinarazten ditu birusaren transmisioari buruzko datuak, eta atzo izan zen gaitzaren bilakaerari argazkia ateratzeko egunik egokiena. Izan ere, Osakidetzak Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako datuen asteko txostena plazaratu zuen. Emandako datuen arabera, igandean 112 positibo detektatu zituzten, egindako testen %4,7. Lurraldeka aztertuz gero, Araban bederatzi kasu detektatu zituzten, Bizkaian 41, eta Gipuzkoan 62. Nafarroan, berriz, 27 positibo atzeman zituzten, egindako test diagnostikoen %3,2. Hegoaldeko positibo tasa, beraz, %4,2 da. OME Osasunaren Mundu Erakundeak %5eko langa du zehaztua pandemia kontrolpean edukitzeko gehienezko muga gisan, eta kopuru horretara gerturatzen ari da Hegoaldeko positibo tasa.

Azken hiru asteetan, transmisioari buruzko grafikoetan aski argi ikus daiteke kutsatzeek lau herrialdeetan izandako goranzko joera. Azken hamalau eguneko positibo berrien batezbestekoari erreparatuta ere, argi ikusten da goranzko joera hori: atzo, hamalau eguneko batezbestekoa 151 positibo zen Hegoaldean, eta urriaren 18an, berriz, batezbesteko hori 123 zen.

Ospitaleak, beteago

Birusaren transmisioarekin lotutako datuetan ez ezik, ospitaleetako egoeran ere atzeman da okertzea. Atzo emandako datuen arabera, Hego Euskal Herriko erietxeetan 128 pertsona daude COVID-19ak jota; horietako 32, ZIUetan. Duela astebete, urriaren 18an, 97 pertsona zeuden erietxeraturik gaitzak jota. Gaixo kopurua %32 handitu da azken zazpi egunetan, horrenbestez. ZIUetako egoerak, ordea, egonkor jarraitzen du.

Gaitzaren ondorioz hildakoen kopuruari erreparatuta ere, okertzea sumatzen da: azken zazpi egunetan 24 pertsona zendu dira, aurreko astean baino lau gehiago.

Izurriaren bilakaerarekin «kezka» agertu zuen atzo Gotzone Sagardui Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak. Olatu berri baten atarian ote gauden esatera ez zen ausartu Sagardui, baina ohartarazi zuen «erne eta tentuz» ibiltzea ezinbestekoa dela halakorik gerta ez dadin. Santos Indurain Nafarroako Osasun kontseilariak, berriz, «harreman sozialen areagotzeari» egotzi zion intzidentziaren gorakada.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.