Bigarren urtez, %44 jaitsi dira asilo eskaerak EAEn

Marka berria aurkeztu du EAEko CEAR zenak: Zehar-Errefuxiatuekin izango da aurrerantzean. Arantza Chacon da zuzendari berria

Zeharren agerraldian, Arantza Chacon eta Marouane Ziad. MONIKA DEL VALLE / FOKU.
Maite Asensio Lozano.
Bilbo
2022ko otsailaren 24a
00:00
Entzun
Asilo eskaerak nabarmen jaitsi ziren iaz ere Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Zehar-Errefuxiatuekin erakundeak emandako datuen arabera, 1.724 lagunek eskatu zuten babesa 2021ean, aurreko urtean baino %44 gutxiagok; 2020an ere %44ko beherakada izan zen, 2019ko 5.535 eskakizunen aldean. Jaitsiera hori COVID-19aren izurriari egotzi zion Arantza Chacon Zeharreko zuzendari berriak, atzo Bilbon egindako agerraldian: «Nazioarteko mugak eta aire espazioa itxi izanaren ondorioa da. 2022ko daturik oraindik ez dugu, baina jada ikusten ari gara joera aldaketa bat, pandemiaren aurkako neurriak lausotzearekin batera».

Eskatzaileen soslaian eragin du horrek. Gizon gehiagok galdegin zuten asiloa iaz; pandemiaren aurretik orekatuta egoten zen emakumeen eta gizonen proportzioa, baina migrazio bide batzuk itxi izanak murriztu egin du andreen mugimendua. Jatorrietan ere agerikoa da: Venezuelako eta Kolonbiako herritarrak dira eskatzaile nagusiak, baina nabarmen ugaritu dira Marokokoak, Malikoak eta Senegalgoak: «Gero eta bide arriskutsuagoetatik iristen direnak, itsasoz edo lurrez». Jende gutxiago heltzeak, hala ere, ez du ekarri babes handiagoa ematea: asilo eskaeren %70 atzera bota zituen iaz Espainiako Gobernuak. Chaconek «deigarritzat» jo du kolonbiarren kasua: «Eskaera gehien egiten dituzten herrialdeetan bigarrena izan arren, %94ri ukatu egin diete asiloa».

Datuok ematearekin batera, erakundearen irudi berria ere aurkeztu dute. Orain arte EAEko CEAR izandakoa Zehar-Errefuxiatuekin izango da aurrerantzean. Markaren itxura eta izenaren fonetika ez dira asko aldatu, baina euskarara hurbildu nahi izan dute, Naiara Gutierrez komunikazio arduradunak azaldu duenez: «Errefuxiatuek egindako bidea adierazten du Zehar-ek, eta, aldi berean, guri egiteko geratzen zaiguna, harrera gizarte gisa».

Patricia Barcenaren lekukoa hartu berri du Chaconek, baina ondo ezagutzen du erakundea, besteak beste Oñatiko eta Tolosako (Gipuzkoa) harrera zentroetako buru izan baita azken urteotan: «Ezinbestekoa da nazioarteko babeserako eskubidearen alde borrokatzen jarraitzea». Ildo horretan, ontzat jo du 2021eko amaieran Espainiako Gobernuak atzerritarren araudian egindako aldaketa: «Adingabe izanda iristen diren migratzaileentzat hobekuntza esanguratsuak ekarri ditu, haien egoera erregularizatzeko eta lan egiteko baldintzak erraztu dituelako».

Izan ere, Chaconek gogora ekarri du seniderik gabe iristen diren etorkin adingabeak egoera «bereziki zaurgarrian» daudela: «Ezin dugu ahaztu adingabeak direla, babesgabe daudela, eta haien ibilbideak ere konplikatzen ari direla». Azkenaldian, hizpide izan dira kalean bizi diren migratzaile gazteak, bai 18 urte bete eta erakunde publikoen tutoretzatik atera ostean aterperik gabe geratu direlako, bai oso gaztetan iritsi eta babesik aurkitu ez dutelako. «Ez dago jakiterik zenbat dauden halako egoeretan, baina asko dira, eta zailtasunak bata bestearen atzetik datozkie: logela bat alokatzea ez da erraza, ez dute dirurik... Kalean gera ez daitezen, laguntza behar dute».

Zaurgarritasun horren adierazle, Marouane Ziad gazteari eman dio hitza Zeharrek. Duela hiru urte heldu zen Euskal Herrira, 17 urteko mutiko bat zela; adingabeentzako bi zentrotan egon zen adindun bihurtu arte. «Bagenekien 18 urte betetzean zentroa utzi beharko genuela, eta ez geneukan nora joan. Denok geunden berdin. Logela bat bilatzen saiatu nintzen, baina tartean kalean lo egin nuen astebetez; denbora gutxi izan zen, baina txarto pasatu nuen». Etxea aurkitzea ez zen erraza izan: «Diskriminazio handia dago arabiarra izateagatik, gaztea izateagatik... Jendeak uste du arazoak eragingo ditugula». Egun, Zeharren eta Hemen programaren bidez, ikastaro bat egiten ari da: «Urte amaieran praktikak egitea espero dut».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.