Espainiako Gorteetarako hauteskundeak. Nafarroa

Azken diputatua lortzeko lehian, PSOE gailendu zaio EH Bilduri

Navarra Sumak irabazi du, bi diputatu lortuta, sozialistek bezala. Unidas Podemosek behera egin du, baina diputatu bat ziurtatu du. Bel Pozuetak gertu izan du helburua

Azken diputatua lortzeko lehian, PSOE gailendu zaio EH Bilduri.
joxerra senar
Iruñea
2019ko apirilaren 29a
00:00
Entzun

Azken uneraino, azken minuturaino, suspensea Nafarroan. Gau osoan, azken diputatua lortzeko lehia estua izan zuten PSOEk eta EH Bilduk. Azkenean, %99,5 zenbatuta zegoela, oso alde txikiagatik, PSOE gailendu zitzaion koalizio abertzaleari. Duela hiru urteko hauteskundeekin alderatuta, parte hartzea bederatzi puntu handitu da —26.800 herritar gehiagok bozkatu zuten—, eta Geroa Bairen eta, batik bat, EH Bilduren mesedetan jokatu du. PSOEk ere nabarmen egin du gora 2016ko bozekin alderatuta. Gau osoan bi diputatu ematen zizkioten. Alta, zenbaketak aurrera egin ahala, EH Bildu aldea murriztuz joan zen, hainbat aldiz sozialistei aurrea hartzeraino. Azkenean, alta, botoen %99,5 zenbatuta, sozialistek 339 botoren aldeagatik kendu diote azken diputatua EH Bilduri. Hatzekin ukitu du helburua Bel Pozuetak —46.446 boto eskuratu ditu EH Bilduk, guztira—.

Hala ere, PSOEk ez dauka erabat ziurtatuta, atzerrian 2.220 nafarrek eskatu baitute bozkatzea. Maiatzaren 1ean egingo da lehen zenbaketa, eta maiatzaren 4an bigarrena. Boto emaileen %0,6 osatzen dute atzerriko bozek. Hain alde txikia izanik —389 botoren aldea—, EH Bilduk eman dezake ezustekoa, nahiz eta printzipioz sozialistek dena alde izan. Duela hiru urte, PSOEk 221 boto eskuratu zituen, eta EH Bilduk 64.



Navarra Suma eskuineko koalizioak irabazi ditu hauteskundeak. Aise. Hala ere, taldearen izenak dioenaren kontra, ez du lortu botoak batzea. UPN-PPk 2016ko ekainean 106.434 boto lortu zituzten, eta Navarra Sumak ozta-ozta errepikatu ditu emaitzak —106.692 boto—. Duela hiru urte eskuineko bi alderdiek botoen %32 lortu zituzten, eta orain %29,3 erdietsi dituzte, politikako lelo zaharra berretsiz: hau da, koalizio batek ez duela erabat batzen. Izan ere, asko falta izan zaio Ciudadanosek 2016an lortutako 20.000 botoak gehitzeko. Nafarroan, ez zegoen batere argi zer egingo zuen Vox eskuin muturreko alderdiak. 17.706 boto eskuratu ditu (%4,8), diputatua lortzeko behar ziren 46.700 botoetik oso urrun.

Geroa Bai ere xede horretatik urruti geratu da, baina 2016ko bozetako emaitzak hobetzea lortu du, 7.736 boto gehiago eskuratuta —guztira, 22.025—.

Inkestek iragartzen zioten beherakada berretsi du Unidas Podemosek, baina ez du hondamendi handirik izan. Duela hiru urteko emaitzekin alderatuta, hamar puntu egin du behera, eta 67.671 boto eskuratu ditu, guztira. Hartara, Ione Belarra berriro diputatu izango da.

Senatuari dagokionez, Aldaketa koalizioak ez du lortu ordezkaririk. %90,7 zenbatuta, Navarra Sumak eskuratu ditu hiru senatariak, eta laugarren ordezkaria PSOErentzat izan da. Nahiz eta hauteskunde marka ezagutarazteko ahalegin handiagoa egin, ez da nahikoa izan. Ustez, Unidas Podemosen, Geroa Bairen eta EH Bilduren botoak batuta aise irabaz zezakeen lehia, baina berriro kale egin dute.

Hego Euskal Herriko emaitzak

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.