Frantzian berriro epaitzeko eskatu du Josu Urrutikoetxeak

Aurreko bi auzi saioetan ez zen izan. Abokatuek diote 2002tik bakearen alde jardun izan duela

Ekhi Erremundegi Beloki.
Baiona
2019ko ekainaren 4a
00:00
Entzun
Frantzian berriro epaitzeko eskatu du Josu Urrutikoetxea ETAko militante historiko izandakoak, azken bi epaiketetan presente egon ez zela eta. Joan den maiatzaren 16an atxilotu zuten, Frantzian, Goi Savoiako Sallanches herrian, eta presondegian sartu —La Santen dago—, bi kartzela zigor ezarriak dizkiotelako. Haren abokatuek diote 2002tik bakearen alde jardun duela, eta Frantziako Justiziaren aitzinean azalpenak emango dituela orain. Urrutikoetxeak 2002an ihes egin zuen Euskal Herritik, Espainiako Auzitegi Nazionalak 1987ko atentatu bategatik auzipetu egin zuelako.

Efe Espainiako berri agentziak Justiziako iturriak aipatuz zabaldu du hilaren 19an Parisko Apelazio Auzitegian izango dela Urrutikoetxea, 2010eko sententzia bat dela eta. Zazpi urteko kartzela ezarri zioten, ETAko zuzendaritzako kidea izatea leporatuta. Hilaren 28an, berriz, Parisko Auzitegi Korrekzionalean izango da, Eferen arabera, 2017an ezarritako zortzi urteko espetxeagatik.

Hain zuzen, 2011-2013an Norvegian ETAko ordezkaritza politikoan parte hartzea egotzita kondenatu zuen Parisek orain dela bi urte. 2011ko urrian jarduera armatuaren bukaera iragarri ondotik, ETA Oslon ahalegindu zenEspainiako Gobernuarekin arlo teknikoko elkarrizketak abiatzen, nazioarteko bitartekaritza bat tarteko zela, baina saiakera antzua izan zen. 2012ko udazkenean Frantziari ere egin zion ETAk proposamen bat, baina saio hura ere ez zen atera aurrera.

Delitu «lausoa»

Laure Heinich eta Laurent Pasquet-Marinacce defentsa abokatuek adierazi dutenez, Urrutikoetxeak ez zuen bere kontrako epaiketen abisurik jaso. 2017an Korrekzionalak delitu batentzat epaitu zuen, ez krimen batentzat. Halaber, leporatu zioten delitua—gaizkile elkarteko kide izatea—, bereziki «lausoa eta gaitzetsia» dela diote abokatuek, eta ohartarazi ez diotela egozten pertsonen kontrako kalterik. Haien hitzetan, Urrutikoetxeak ez du azalpenik emateko aukerarik izan orain arte eta erabat ukatzen ditu akusazioak; «hobengabetzat emana da». Aurrekoetan izan ez zela eta, berriro epaitzeko aukera aitortzen dio Frantziako legeriak.

Ostegunean, hura askatzeko eskatu zuen intelektual talde batek, Libération kazetan; tartean dira, Noam Chomsky, Slavoj Zizek, Michael Lowy eta Federica Giardini. Ia mila lagunek sinatu dute jada.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.