Jaurlaritzak dio pobreak ugaritu arren hobetu egin dela beren pertzepzioa

Inkesta baten arabera, hamar urtean bikoiztu egin da txiroen kopurua, eta oinarrizko gastuei aurre egin ezin dietenenak %84 egin du gora
Etxegabe batzuk, Donostian.
Etxegabe batzuk, Donostian. GORKA RUBIO / FOKU

Jokin Sagarzazu -

2019ko abuztuak 29
Pobreen kopurua handitzen ari da Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan: azken hogei urteetako tasarik handiena da egungoa. Baina haien pertzepzioak ez du bat egiten pobrezia neurtzen duten adierazleek esaten dutenarekin. Hala, egungo txiroak duela hogei urtekoak baino baikorragoak dira euren egoeraz galdetzen zaienean. Horixe azpimarratu du Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politiken Sailak, 2018an pobreziari buruz eginiko inkestaz.

Azterketa horren arabera, lau urtean %7 egin du gora pobrezian bizi direla uste dutenen kopuruak, eta, azken hamarkadan, %46. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako biztanleen %6 daude horrela: 130.965 herritar. Duela lau urte baino 9.000 gehiago, eta 2000. urtean baino 25.000 gehiago.

EH Bilduk uztailean salatu zuen Jaurlaritzak egina zuela lau urtean behin kaleratzen duen azterketa, baina Beatriz Artolazabal sailburuak ez zuela ohi bezala ezagutarazi, ezkutatu egin zuela. Herenegungo data daukan ohar baten bidez eman ditu orain hor azaltzen diren datu batzuei buruzko azalpenak, baina azterketa osorik ez du jarri Irekian, Jaurlaritzaren webgune nagusian; beste batean topa daiteke.

Oharrean, Jaurlaritzak inkestako datuetatik azpimarratu du laguntza publikoak jaso arren pobreziatik atera ezin diren 70.348 pertsona daudela, eta horien %80k ez dutela bere burua «oso pobre» ikusten. 2008tik —hori neurtzen hasi ziren lehen urtetik— izandako portzentajerik altuena dela azpimarratu du: urte hartan %78,7 ziren.

Horrekin batera, azaldu du behar gorrian dauden gehienek (%60,8k) ez dutela bere egoera horrela ikusten; «oinarrizko beharrei aurre egiteko edo nahiko eroso bizitzeko moldatzen» direla aitortzen dutela. Jaurlaritzak dio portzentaje hori %44 izan zela krisi ekonomikoaren urteetan, eta aurretik %30en bueltan zegoela.

Halaber, gobernuak gaineratu du pertzepzio subjektibo horrek oinarri objektiboak dituela, baina hori neurtzen duten hamahiru adierazleetatik lauk baino ez dute hobera egin 2008tik: elikadura arazo larriekin loturikoek, eta ur, argi eta telefono hornidurak. Oro har, oinarrizko gastuei aurre egin ezin dietenen kopuruak %83,7 egin du gora hamar urtean.

Jaurlaritzak iragarri du irailaren 25ean «bilera tekniko» bat egingo duela inkestaz aritzeko —ez du zehaztasun gehiago eman—, eta adierazi du gobernuaren lehentasuna dela gizarte babesaren sistemako oinarrizko baldintzak mantentzea eta azken bost urteotan finkatutako enplegua sortzeko politikekin jarraitzea.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna