G7ko atxilotuen lege prozeduretan akatsak daudela salatu du defentsak

Hamasei lagun epaitu zituzten atzo Baionan. Abenduaren 3an emango dute epaiaren berri

Miaketak izan ziren atzo Baionako Auzitegian, epaitegira sartu ahal izateko. Irudian, epaiketa entzuteko bildutako dozenaka lagun. BOB EDME.
Oihana Teyseyre Koskarat.
Baiona
2019ko irailaren 21a
00:00
Entzun
Atzo epaitu zituzten Baionako Auzitegian G7koen bilerak iraun bitartean protestetan parte hartzeagatik auzipetu zituzten hamasei pertsona. Agorrilaren 23an Urruñako Erlaitzan (Lapurdi) egin zen manifestazioan eta agorrilaren 24ean Baiona Txikian izandako istiluetan atxilotu zituzten gehienak, eta atzo epailearen aurretik pasatu ziren.

Eguerdian, dozenaka pertsonak elkarretaratze bat egin zuten Baionako Auzitegiaren aitzinean. Bazkari bat partekatu zuten, eta Legal Teamak isunak eta abokatu gastuak ordaintzeko baliatuko du bildutako dirua.

G7koen bileraren garaian, hamar bat abokatu Legal Team taldearekin harremanetan aritu ziren. Horietariko zenbaitek defentsa kolektiboa egin zuten atzo, eta azpimarratu zuten bazeudela hainbat akats prozedura juridikoetan. Afera askotan polizia agiriek hutsak egin dituztela ere azpimarratu dute —data arazoak eta izenpetze faltak, besteak beste—. Akusatu batek baino gehiagok erran dute polizia indarkeria jasan zutela atxiloketetan: Urruñako Erlaitzan gelditu zuten gizon batek esan du betaurrekoak galdu zituela eta, Poliziak «nahita lehertu zituela». Abokatuak karguak kentzeko eskatu du.

Beste kasuetan ere eskubide urraketak egon dira: akusatueiaukeratutako abokatuak ukatu dizkiete, eta eskubideak beranduegi jakinarazi zaizkie atxiloaldi denboran. Berez, atxiloaldian sartu eta 45 minutura jakin behar du akusatuak zer eskubide dituen; batzuetan, hiru orduren buruan eman zizkieten.

Fiskaltzak dosierren baliogabetzeak onartu ez arren, gehienetan karguak kentzeko eskatu du. Eskari gorena 300 euroko isuna izan da. Hala ere, gazte batentzat zortzi hilabeteko kartzela zigorra eskatu du, aurrekariengatik. Hutsak direla-eta, abokatuek epaileari eskatu diote karguak kentzeko. Gainera, salatu dute eskubide urraketak izan direla. Antzekoa izan da gainontzeko auzipetuekin ere. Fiskalak ez ditu dosierrak baliogabetu, baina karguak kentzeko eskatu du, eta 150 eta 200 eurora arteko isunak galdegin ditu.

Auzia arlo politikoan

Defentsa kolektiboa egin duten abokatuek «inoiz ikusi gabeko prozedura akatsak» izan direla erran diote epaileari. Auzia politikoa dela ere adierazi dute. Esate baterako, auzipetuen abokatu batek gogor leporatu dio epaileari hilabeteak eman izana G7ak iraun bitartean izan zitezkeen atxiloketak nola kudeatu antolatzen: «Badira zenbait hilabete kondizionamendua jasaten duzuela G7koen bileraren garaian prest izateko. Bazirudien apokalipsia izango zela, eta ez da horrela gertatu». Beste abokatu batek fiskalari leporatu dio «demokraziatik at» aritzea: «Aurkari politikoak kargurik gabe atxilotzea posible ote da demokrazia batean?». Publikoa pozik agertu da abokatuek egindako lanarekin. Baionako Auzitegiak datorren abenduaren 3an emango ditu erabakiak.

Datorren astean, berriz, Baionako Auzitegiak beste sei pertsona epaituko ditu, abuztuaren 23an eta 24an izandako protestekin lotuak. Urrian eta abenduan ere segituko dute epaiketek. Joan den irailaren 9an, aldiz, Akizeko (Okzitania) auzitegiak bi pertsona kondenatu zituen. Sei hilabeteko kartzela zigorra bete beharko dute pintaketa batzuengatik, gibelapenarekin.

Epaiketaren ondoren, sustengu gaualdia egin dute Baionako Epaixkan. Auzipetuen justizia gastuak pagatzeko balioko du bildutako sosak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.