Espainiako Kongresuak onartu egin zuen atzo Memoria Historikoaren Legea moldatzeko lege dekretua. Talde guztiek egin zuten idatziaren alde, UPNk, PPk eta Ciudadanosek izan ezik: abstenitu egin ziren. Francisco Franco diktadorearen gorpuzkiak Erorien Haranetik ateratzeko bidea irekiko dio dekretuak gobernuari. Hala ere, lege proiektu gisa tramitatzea onetsi zuten; beraz, talde politikoek zuzenketak egiteko eta proposamenak eransteko aukera izango dute.
Carmen Calvo Espainiako Gobernuko presidenteordearen hitzetan, «anomalia krudel bat» da diktadorea biktimen ondoan lurperatuta egotea: «Ez da bakerik izango, justiziarik ez bada». Pedro Sanchez gobernuburua, berriz, pozik agertu zen urratsarekin: «Gaur gure demokrazia hobea da».
Baina Francoren gorpuzkiak hobitik ateratzea baino gehiago egin dezake gobernu sozialistak, Ceaqua plataformaren ustez. Frankismoko krimenen aurkako Argentinako kereila babesten dituzten elkarteak biltzen ditu, eta Sanchezi neurriak eskatu dizkio, «diktaduran izandako gizateriaren aurkako krimenak Espainian ikertzeko». Horretarako, Fiskaltzari emandako irizpidea aldatzea galdegin dio Sanchezi. Izan ere, krimenon aurkako salaketak artxibatzeko agindua dute fiskalek, gobernuak 2016an ezarritako jarraibideen ondorioz; beraz, horiek bertan behera uzteko eskatu dio Ceaquak Sanchezi.
Donostian, biktimen omen
Donostian, berriz, memoria historikoaren eguna antolatu zuten atzo, eta horren harira, erakundeek omenaldia egin zieten frankismoak hirian utzitako 400 biktimei. Eusko Jaurlaritzako, Gipuzkoako Diputazioko eta Donostiako Udaleko ordezkariak batu ziren, eta lore eskaintza bat egin zuten udaletxe alboko Dual eskulturan.
Francoren gorpuzkiak hobitik ateratzea onartu du Espainiako Kongresuak
Talde guztiek babestu dute, UPNk, PPk eta Ciudadanosek izan ezik. Frankismoko krimenak Espainian ikertzeko eskatu du Ceaquak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu