Lanpostuan jarraituko du LEPa salatu zuen Osakidetzako medikuak

Osakidetzak beste sendagile bati eman nahi zion orain arte egiten ari zen lana, baina atzera egin du

Marta Macho, eskuinean, ESK-ko ordezkariarekin batera, epaitegian. A. R. H. / EFE.
jokin sagarzazu
2019ko ekainaren 1a
00:00
Entzun
Osakidetzak atzera egin du, eta Marta Macho anestesistak bere lanpostuan jarraituko du. Berak salatu zuen, beste bi lankiderekin batera, lan eskaintza publikoko (LEP) azterketetan filtrazioak izan zirela. Osakidetzak asteazkenean esan zion ostiralean etengo ziola Debagoieneko ospitalean (Gipuzkoa) orain arte izan duen kontratua, baina atzo bertan Osakidetzako Zerbitzu Zentralak Machorekin harremanetan jarri eta jakinarazi zion azkenean ez dela hala izango. Ez dio azalpen gehiago eman.

Macho jardunaldi murrizketa bat betetzen ari zen, eta lanpostuaren jabeak eszedentzia eskatu du. Osakidetzak argudiatu zuen plazaren egoera aldatu denez kontratu berri bat egin behar zela. Machok salatu zuen Osakidetzak «txanda-pasa» egin zuela lan poltsako kontratazio listan, eta beste bati esleitu ziola behin-behineko kontratua, bera eta salaketa egin zuen beste anestesistetako bat aurretik egon arren. Era berean, Machok azaldu zuen horren ordez hiru asteko beste lan bat eskaini ziotela.

2011ko lan poltsen araudiaren arabera, baina, plazaren jabeak eszedentzia eskatzen badu, unean bere postuan dagoenari eskaini behar zaio kontratua, egonkortasuna lortze aldera. ESK sindikatuaren arabera, Osakidetzak araudia urratu nahi izan zuen Machoren kasuan, eta «ezinegon pertsonala» eragin nahi zion.

Iazko oposizioetako ustezko irregulartasunak epailearen aurrean berretsi eta biharamunean jakinarazi zioten Machori ez zuela jarraituko orain arteko lanean. Nekane Murga Osasun sailburuak ukatu egin zuen batak bestearekin zerikusia zuela. Asteon izan da Macho epailearen aurrean deklaratzen, salaketa aurkeztu zuten gainerako langileekin batera. Oposizioetako epaimahai bateko kide ere izan da, eta, epaitegiko iturrien arabera, irregulartasunak berretsi zituen. Herenegun, hiru inputatuek ukatu zuten azterketak filtratu zituztela.

Jaurlaritza epaitegian

Horrekin lotuta, EH Bilduko Rebeka Uberak galdera bat egin zion atzo Murga sailburuari Eusko Legebiltzarrean. Auzitegia ikertzen ari den filtrazioen ustezko egileen «inpunitaterako espazioak» blindatu nahi izatea leporatu zion. «Oso azal lodia eduki behar da ikertu beharrean frogak aurkezten dituztenen aurka jotzeko».

Osasun sailburuak erantzun zion Osakidetzak «diskriminaziorik gabe» jokatu duela kontratazioetan, eta gaineratu zuen ez diola bere ardurari muzin egin, prozesu judizialean akusazio gisa aurkeztu nahi izan duelako, kaltetu gisa. Yolanda Varona Gasteizko 2. Instrukzio epaitegiko epaileak, baina, ez dio utzi, eta horren aurka beste helegite bat jarri duela jakinarazi zuen atzo Murgak. Aurreko eskaeretan, epaileak Osasun Sailari ohartarazi zion bera izan litekeela auziko erantzule zibila, eta ez kaltetua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.